Euskal museoek hamar emakume artistaren lanak erosi dituzte

Arte Ederren Museoak, Artiumek eta Tabakalerak 18 euskal artistaren eta horien artean 10 emakumeren  lanak erostea erabaki dute.

Eusko Jaurlaritzak pandemiak artearen sektorean izandako eraginak arintzeko dirulaguntzak ematea erabaki zuen eta 2022an 200.000 euro bideatu zituen helburu horretara. Dirua artelanetan inbertitu da.

Artista hauen lanek osotzen dute 2022ko museoen bilduma partekatua: Nora Aurrekoetxea (Bilbo, 1989), Esther Ferrer (Donostia, 1937), Elena Goñi (Iruña, 1968), Laida Lertxundi (Bilbo, 1981), Inés Medina (Cáceres, 1950), Damaris Pan (Mallabia, 1983), Susana Talayero (Bilbo, 1961), Gentz del Valle (Lekeitio, 1957), Begoña Zubero (Bilbo, 1962) eta Alazne Zubizarreta (Arrasate, 1994).

Irizpideak

Artelan eta artisten aukeraketa hainbat irizpideren arabera egin da, besteak beste, artistek museoekin duten harremana, segmentu eta ibilbide desberdinei erreparatuta, finkatuenetatik hasi eta belaunaldi gazteagoetara; eta galerien eta Euskadiko artearen sistema osatzen duten beste eragile batzuen ekarpena. Gainera, sexuen arteko berdintasunari buruzko gomendioak hartu dira kontuan.