Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek ama disidenteen testigantzak jasoko dituzte

Erika Lagoma irakasleak eta Estitxu Fernandez kazetariak Tene Mujika beka jaso dute ama disidente feministen elkarrizketa liburu bat osatzeko. Tene Mujika beka Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute eta Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu.

Aurten bi sari eman ditu lehiaketak. Bigarrena, Jon Abril kazetari eta kultur dinamizatzaileak jaso du eta emakumeen lanbideei buruzko ikerketa bat egingo du, ‘Ezkutatutako eskuak: emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian’ proiektuaren bidez.

Urtebeteko epea izango dute irabazleek nork bere lana burutzeko, eta 2022an liburu gisa plazaratuko ditu biak Elkar argitaletxeak. 6.000 euroko saria eskuratuko du irabazle bakoitzak.

Erika Lagoma (Lesaka, 1981) eta Estitxu Fernandez Maritxalar (Lesaka, 1975) eskuz esku arituko dira amatasun disidente eta feministak erakutsi nahi dituzten elkarrizketa-sorta bat ontzeko.

Amaren irudi patriarkal estereotipatuaz gaindi, eta superwoman-en amatasun neoliberaletik urruti, egungo sistema zalantzan jarri nahi duten ama izateko modu desberdinak: askotarikoak, errebeldeak, kontraesanei uko egiten ez dietenak erakutsi nahi dituze. Hamaika bizipen, hamaika praktika, hamaika esperientzia. Eta horien ondoan, beren aitatasuna feminismotik bizi nahi duten bi gizonezkoren kasuak.

Emakumeen lanbideak

Jon Abril kazetaria lehendik ere Nafarroatik Lapurdira neskame joaten ziren neskatxen historiaz aritu izan da eta orain, hari horretatik eta beste askotatik tiraka, antzeko istorio gehiago osatu nahi ditu, elkarrizketa sakonen eta beste iturri batzuen bidez, guztira hamaika lanbide erakusteko gure geografia osoan barna ibiliko da: meatzariak Gallartan, galletagileak Bilbon, kontserbagileak Ondarroan eta Lodosan, metalurgiakoak Gasteizen, ehungintzakoak Bergaran, zigarrogileak Donostian, portuko langileak Pasaian, paper-fabrikakoak Atarrabian, neskameak Lapurdiko kostan, Seaskako lehenengo irakasleak Iparralden, espartingileak Zuberoan…