“Erakundeek, enpresek edota kultura mainstream-ak feminismoa “jator” egin nahi dute”, salatu zuen Amaia Zufia Bilgune Feministako bozeramaileak ‘Salda Badago’ Jardunaldi Feministetan. Horren aurrean, sistemaren errelatoa, hau da, “berdintasun eta aniztasunaren festa” edo feminismoaren salmenta marketing produktu bezala, hautsi behar dela eta horretarako “herritarron %99aren mesedetan” planteamendu apurtzaile eta erradikalak sortu behar direla, dio. Zufiak ‘Mugimendu Feministaren Erraiei begira’ izenburuko mahaian parte hartu zuen. Oraina eta etorkizunari buruz hitz egin zuen bertan.
Bilgunek egiten duen proposamena marxismotik urruntzen da. Izan ere, eurentzat teoria horren subjektu politikoa, hau da, langile klasea, “esentzialista, monolitikoa” eta askotan “antifeminista” da, arrazoi honengatik: “Marko horretan ez gara kabitzen bazterretakook, emakumeak, bollerak, transak…” Gainera, marxismoaren klase ikuskeran, “bizitza mantentzen duen debaldeko lan erreproduktiboa ez dugu topatzen”.
Eta zaintza da, hain zuzen, hurrengo urteetako Mugimendu Feministaren jomugetako bat, haien ustez. Proposatzen duten ‘Ongi bizitzeko planak’ “bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa izan dadin eta zaintzak berrantolatzeko proposamen zehatzagoak-materialagoak” eskatzen ditu. Horrek “etxeko enplegua aberastasuna eta ongizate soziala sortzen duen jarduera ekonomiko gisa aitortzea, etxeko barne langilearen figura desagertzea, zaintzarako eta menpekotasunari arreta emateko berezko sistema publikoa egituratzea: zerbitzu sozial, publiko, doako eta unibertsalak” ekartzen du berekin.
Justizia feminista
Biolentziarik gabeko bizitzak eta justizia feminista da lortu nahi duten beste helburu garrantzitsu bat. Biolentzia sexuala testuinguru zabalago batean kokatzen dute, “basakeria ekonomiko eta ekologikoa, arrazakeria, pobrezia, estatuen errepresio politikoa, espetxea, eraso lesbofobo edo transfoboak eta bankuek agindutako etxe kaleratzeen” ondoan.
Gai honi erantzuteko orain arteko tresnak, hala nola, “gaueko manifestazioak, protokoloak, mobilizazio masiboak…” tope batera ailegatu direla iritzi diote. Aurrerantzean, “elkarren artean gurutzatzen diren biolentziei aurre egiteko palankak identifikatu eta justizia feministaren oinarriak adostea ezinbestekoa” dela adierazi dute. Bereziki, “biolentzia matxistaren alorrean instituzioen iruzurrak” seinalatzeko beharra ikusten dute.
“Feminismoa ez dago soilik talde feministetan eta ez da soilik Mugimendu Feministarena”
Bilgunek euskal agenda feminista sortu nahi du bertako “masa borroka” artikulatzeko, pentsatzen duelako Espainiatik datozen hainbat deialdi ez daudela kolektiboki adostuta eta ez dituztela espezifikotasun lokalak kontuan hartzen. Artikulazio horren asmoa, “Mugimendu Feministaren intzidentzia gaitasuna eta boterea handitzea da, bai instituzioei begira, baita hortik kanpoko jendartearen luze zabalean ere”.
Kaleak astintzeko bi gai aipatzen dituzte: batetik, zaintzaren gatazkan sakontzen jarraitzea eta etxeko langileen egoera salatzea eta, bestetik, migrazio eta errefuxiatuen krisialdia nabarmentzea. “Gure mugetan, gure begien aurrean gertatzen ari den genozidioak, gure jendartearen sakoneko arrazakeriak, erantzun feminista indartsua eskatzen duela uste dugu”.
Iraultza feministak subjektu anitza eta leku desberdinetatik lantzea dakarrela konbentzituta daude eta feminismoa ez dagoela soilik talde feministetan eta ez dela soilik Mugimendu Feministarena ohartarazi zuten: “Kazetaritzan, instituzioetan, herri mugimenduko talde mixtoetan, kultur arloan, hezkuntzan, sindikatuetan, alderdietan, zerbitzu publikoetan, industrian, zaintza lan feminizatuetan ematen ari diren borroketan… Han eta hemen feministok oso aktibo gaude”.
Hortaz, bidea “borroka ezberdinak” josita egin behar dela uste dute: “Feminismotik iraultzeko diferentziak baliatu beharko genituzke eraldaketarako errezeta konplexuagoak eta mamitsuagoak sortzeko, dominazioaren mekanismoak hobeto ulertzeko, eta okerren daudenen bizi baldintzen aldeko borrokak lehenesteko”.
Kultura politiko berria
Borrokak abian jartzeko kultura politiko berria sortzea ezinbestekotzat jo dute. Horretarako hiru klable eman zituzten:
1- Egunerokotasunaren politizazioa. Tradizionalki eremu publiko-politikoan kokatu ez diren gaiak ipini nahi dituzte: harreman eredua, zaintza, gorputzak eta sexualitatea, denboraren banaketa, hizkuntza, kontsumo ohiturak…
2. Deszentratzea, Maria Raimondezek proposatzen duen zentzuan, hau da, “posizio ez hegemonikoen ulermena”. Horrek bazterrekoen lekua hartzea eta pribilegioak aztertzea eskatzen du beste diskriminiazio egoera batzuk sentitzeko eta hautemateko.
3. Lidergoen txandapasa egitea. Borroka feministak lidergo kolektiboak eskatzen dituela pentsatzen dute, boterea esku gutxitan ez pilatzeko. Hala eta guztiz ere, askotan zaila da erreleboa hartuko duten aktibistak topatzea eta daudenak erre egiten dira.
Talde feminista berriak sortzea eta daudenak sustatzea ere behar dela ikusten dute eta, aldi berean, saretzea eta koordinazio egonkorra osatzea. Honen eredua Emakume Mundu Martxa dela diote: “Dinamizazio lantalde iraunkorra dauka eta sare zabala; hainbat lan ildo ezarrita ditu, baita erailketetarako protokoloa ere; nazioarteko aliantzak ehuntzeko tresna da…”
Mundu Martxa anitzen arteko topaleku nagusia izan da Euskal Herrian. Momentuz, Bilbon baino ez dago, baina beste herrialdeetara hedatzeko asmoa daukate. Gainera, azken urteetan, “Mugimenduarentzat baliabideak eskuratzeko aukera ematen digun elkarte bakarra da (dirulaguntzak, liberazioak, izen juridikoa eta zergak eguneratuta duen elkartea)”. Hori ere baharrezkoa da mugimenduak bizirauteko.