Hedabideetako emakumeen ikusgarritasunaren inguruan lan egiten duen EHUko Ikus-entzunezko eta Publizitate Saileko irakasle eta ikertzaile taldeak, Emakume Ikusgaik, Eusko Legebiltzarrari eskakizuna bidali dio emakume hizlarien gutxienekoa bermatzeko hedabideetako tertulietan. Gainera, gizonei andrarik ez dagoen programetan parte ez hartzeko eskatu diete.
Irakasle taldeak hedabideetan emakumeen presentzia aztertzen du. “Emakumeok irabazitako esparruak gorabehera, komunikabideek eskaintzen dituzten emakumearen irudiak oso estereotipatuak izaten jarraitzen dute”, diote.
Emakume Ikusgaik sare sozialetan jarduten du eta bertan ikusten dituzten adibideak argitaratzen ditu. Interpelazioaren ondorioz, euren eskaerak batzuetan kontuan har daitezen lortu dute.
Praktika onak
Emakumeenganako diskriminazioa ekiditeko praktika onak aholkatzen ditu. Garrantzitsuenetakoa emakumeak ez objektu eta biktima, baizik eta subjektu aktibo bezala agertzekoa da.
Taldekoen ustez, eragin handiagoa lor liteke gizonek tertulia, ekimen, saio edo hitzaldi batean parte hartu behar duten bakoitzean uko egingo baliote emakumerik ez badago.
Are gehiago, antolatzaileengana joatea gomendatzen diete zera esanez: “Tertulia honetan ez da zerbait falta? Sentitzen dut, baina, iruditzen zait emakumeak falta direla eta beraien (eta gainontzeko generotako pertsonen) ikuspegi gabe ezin da errealitatearen erradiografia errealik egin”.
Irakasleek kanpaina bat jarri dute abian politikariek herritarren interpelazioak jasotzeko duten osoigo web orrian eta sinadurak eskatu dizkiete eskaerarekin bat egin nahi dutenei.