Hainbat emakume elkartek eta beste kolektibo batzuek Bizihotza erresistenzia kutxa sortu dute ofentsiba neoliberalak eragindako, eta COVID19ak areagotutako, egoera larriei aurre egiteko. Lehenengo fasean Bizihotzak osasun krisian sortutako oinarrizko beharrei erantzun nahi die eta aurrerago alternatiba ekonomiko komunitarioak sortzen lagundu nahi du.
Lehenengo fasean 66.292 € bildu dira eta, bultzatzaileek adierazi dutenez, hainbat kolektibok dituzten premia larriak asetzera eta, autonomia ekonomikoa lortzeko bitartekoetara bideratuko dute dirua.
Martxan dauden 13 proiektuk jasoko dituzte funtsak. Hain zuzen, eremu hauek lantzen ari diren elkarteek: elikadura, etxebizitza, ahalduntzea errepresioaren aurrean, indarkeria matxista, osasuna eta oinarrizko higienea. Deskuidatuta dauden arlook administrazio publikoaren erantzukizuna dira.
Gainera, aholkularitza juridikoa ezarriko da indarkeria matxista jasaten dutenentzat. Diru-laguntza publikoak eskatzen laguntzeko eta isunei eta zigorrei aurre egiteko (neurri handi batean irizpide arrazistekin ezarriak) ere erabiliko da erristentzia kutxan jasotakoa.
Bigarren fasean, aipatutako kolektiboek eskuratutako autonomia materialean sakonduko da, baita beren proiektu autogestionatu, kooperatibo edo komunitarioen garapenean ere.
Bizihotsa Erresistentzia Kutxan emakumeen elkarteek, kolektibo feministek, antiarrazistek eta antikapitalistek, Euskal Herriko kooperatiben hainbat sarek, zenbait sindikatuk eta herritar sareek hartzen dute parte.
Hauek dira entitate hartzaileak:
Algortako elkartea; batez ere, etxeko lanen sektorean diharduten emakume langile eta migratzaileekin egiten du lan. Osasun larrialdian langile asko langabe utzi ditu, eta haien zaurgarritasun egoera larriagotu du. Emakume gehienak egoera administratibo irregularrean daude, eta ez dituzte administrazio publikoen laguntzak jasotzeko eskatutako baldintzak betetzen: ezin dute haien proiektu ekonomikoa garatu eta 6.500 euroko diru ekarpena jasoko dute oinarrizko elikadura eta etxebizitza beharrei aurre egiteko.
Sahara hegoaldeko pertsonei proiektu ekonomikoak sortzen laguntzeko kooperatiba da, Bilboko San Frantzisko auzoan. COVID 19ak erabat geldiarazi ditu Espezien Merkatua bezalako proiektu aktiboak. Hala ere, mantentze gastuak, hornidurak eta kuoten ordainketa ez da geldiarazi. Aktibo dauden proiektuak alarma-egoeraren ondoren berriz martxan jartzeko, funtsak fakturen eta horniduren gastuak ordainduko ditu. 1.500 euroko ekarpena jasoko dute.
Zumaiako emakume latinoen elkartea. Mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko zerbitzua eskaintzen duten langileak. Bere proiektuen artean, baliabiderik gabeko kalean dauden emakume migratzaileei zuzeneko laguntza ematen diete, Zestoako Malen Etxea aterpetxearen bidez. COVID 19k egoera larriagotu du eta 6.500 euroko ekarpena jasoko dute.
Bilbon kokatutako emakume senegaldarren elkartea. Emakumeen ahalduntzea lantzen dute, eta emakumeentzako proiektu autonomoak sustatzea dute helburu, norberaren gorputza irisgarria egin eta zaindu ahal izateko. COVID 19ak bere proiektuak geldiarazi ditu zaurgarritasun-egoera larriagotuz eta etxebizitza eta elikadurarako eskubidea urratuz. Funtsak 2.000 euroko ekarpena egingo du etxebizitza eta elikadura gastuetarako.
Bilboko San Frantzisko auzoan dagoen elkarteak batez ere Sahara hegoaldeko etorkinak gaitzeko eta ahalduntzeko lan egiten du. Osasun larrialdiko egoeran, beren entitatearen erabiltzaileen artean elikagaiak banatzeko proiektu bat ezarri dute. 4.000 euroko ekarpena egingo da osasun babeserako materiala (maskarillak tartean) eskuratzeko eta fabrikatzeko eta elikagaiak erosteko.
Mungian dagoen erakundea. Magrebeko pertsonekin lan egiten dute, batez ere, emakumeekin. Osasun larrialdiko egoerak larriagotu egin du emakumeon zaurgarritasun egoera, eta galarazi du haien bizi eta ekonomia proiektuak duintasunez gauzatzea. 3.000 euroko diru-ekarpena jasoko du, premiazko ondasunak erosteko eta etxebizitza eskubidea egikaritzeko.
Euskadiko emakume ijitoen elkartea, oro har, ijitoen eskubideak eta komunitate osoaren garapena eta, bereziki, emakumeen jabekuntza defendatzen eta sustatzen lan egiten du. Alarma-egoerak bere proiektu ekonomikoak blokeatu ditu: merkatuetan aritzen dira eta nagusiki tresneria eta elikadura saltzen dute. Paralisi horri aurre egiteko eta alerta-egoera amaitu ondoren bere proiektu ekonomikoak berrezartzeko, oinarrizko hornidura, kuotei eta elikadurarako sarbideari eusteko proiektua gauzatzen ari dira. 7.500 euroko diru ekarpena egingo da elikagaiak erosteko, banaketa baliabideak abian jartzeko eta osasun babeserako materiala erosteko.
Txile Lindo
Latinoamerikako pertsona migratuen babesean eta laguntzan ari den Bilboko erakundea. COVID19ak haien egoera larriagotu du. 1.000 euroko diru ekarpena egingo da oinarrizko elikadura eskuratzeko.
Afro Elkartea
Gasteizen dagoen egoiliar afroamerikarren elkartea. Migratuen gizarteratzea, kultura eta lana sustatzen ditu. Konfinamenduak, besteak beste, elkartearen etxeetan bizi diren pertsonen prestakuntza-prozesuak geldiarazi ditu, batez ere pertsona helduenak. 6.000 euroko diru-ekarpena egingo da helduak alfabetatzeko etengabeko on line prestakuntza-proiektua abian jartzeko, material informatikoa, WiFi konexioa eta irakasleak eskuratzeko.
Basaurin dagoen erakundea da, eta, gehienbat, etxeko lanetan aritzen diren emakume migratzaileekin lan egiten du. COVID 19k eragindako egoerak lanik gabe utzi ditu horietako asko, eta ez dute bizitzeko baliabiderik. Hori dela eta, elkarteak premiazko proiektu batean jarri ditu indarrak: elikadura eta bizitokiak lortzea. Proiektua sendotzeko 3.500 euro jarriko dira.
Ahizpatasuna
Euskal Herriko eta Marokoko emakumeen elkarte soziokulturala. Konfinamendu-egoeraren ondorioz, eskola-adinean dauden pertsonen prestakuntza bertan behera geratu da. Kasu askotan, ikaskuntza modu duinean egiteko baldintza materialik gabe geratu dira. 1.500 euroko diru ekarpena egingo da ikas-materiala erosteko eta WiFia irisgarri egiteko.
San Franeko elkartasun-sarea
Sarea COVID 19ak larritutako osasun eta gizarte-krisiari aurre egiteko sortu zen, bereziki San Frantzisko auzoko bizilagunen egoerari erantzun zuzen eta azkarra emateko. Elikagaiak banatzeko eta oinarrizko hornidurak ordaintzen laguntzeko proiektua sortu da. Horretarako 3.500 euro jarriko dira.
Agharas
Barakaldoko Magrebeko gazteekin kalean lan egiten duen erakundea. Konfinamenduak eta alarma-egoerak are gehiago larriagotu dute bere kideen egoera. Hori dela eta, proiektu bat sortu da bizitoki faltak sortzen duen larrialdiei erantzuna emateko, osasunaren babeserako eta oinarrizko elikadura lortzeko. 3.800 euroko ekarpena egingo da.