Emakumeek sinatutako kontratuen ia erdia lanaldi-partzialekoak dira

Emakumeek 2022an sinatutako kontratuen % 44 lanaldi partzialekoak izan ziren. ELAk aurkeztu duen txosten baten arabera, lanaldi osoko kontratuen ehunekoa % 51,5koa baino ez zen izan, gainerakoa lanaldi partzialen (% 43,9) eta finko-etenen (% 4,6) artean banatu zen.

Sindikatuaren arabera, datuek islatzen dute emakumeek oraindik ere jasaten duten diskriminazioa, bai lan-eremuan, bai familia-eremuan. “Emakumeak dira etxeko zaintzen pisu handiena hartzen dutenak, eta, ondorioz, askok lanaldi partziala egin behar izaten dute edo lanaldia murriztu”.

Erretiroa

Horrek andrak pobretzen du. “Haien diru-sarrerak murrizten dira eta baita oinarri erregulatzailea ere eta ondorio kaltegarriak izango ditu etorkizunean erretiroa kalkulatzeko orduan”, ohartarazi du txostenak.

Izan ere, “partzialtasuna prekarietatearen beste hanka bat da eta pobrezia pairatzen duena pobreziara kondenatzen du”, eta pertsona askok, batez ere emakumeek, “prekarietatearen atalasea (18.200 euro urtean) gainditzen duen soldata jasotzea eragozten du”.

Lanaldi partzialak beste eragin gaizto gehiago ditu: “Enpresa askok lanaldi partzialeko kontratazioa erabiltzen dute soldatak murrizteko, hala nahi dutenean, eta langileari esleitutako orduak murrizten dizkiote, eta jakina, dagokion soldata ere bai soldata-murrizketarekin”.

“Iruzurra masiboa”

Beste alde batetik, “ordu osagarriak erabiltzen dira jardunaldi partzialak osatzeko, betiere enpresaren beharren menpe eta askotan ordaindu barik”. Beraz, “lanaldi partzialeko kontratazioak gehiegikeria dakar ordutegi-malgutasunari dagokionez”. Gainera, lanaldi partzialean lan egiten duten pertsona gehienek ez dute borondatez egiten.

“Lan erreformak prekaritatearen zuritze estatistikoa eragin du”

ELAk azken erreforma laborala salatu du, ez diolako lan merkatuaren prekaritateari aurre egitea lortu, “kontrakoa baizik: prekarietateak orokorra izaten jarraitzen du”. Idazkari nagusiaren albokoa den Amaia Muñoak dioenez, “aldi baterako kontratazioaren iruzurrak masiboa izaten jarraitzen du, kontratuen %76,3 aldi baterakoak baitira, eta lan erreformak, hori aldatu beharrean, prekaritatearen zuritze estatistikoa eragin du”.

2022an sinatutako kontratuetatik, % 61,3 soilik izan ziren lanaldi osokoak, % 33,5 lanaldi partzialekoak eta % 5,2 aldizkako finkoak.