MARTXOAREN 13ra ARTE | DONOSTIA 
Baginen bagara. Emakume artistak: Ikusgarritasun(ez)aren logikak

Egunak: 2021eko azaroaren 27tik – 2022ko marxoaren 13ra arte
Lekua: San Telmo Museoa (Zuloaga plaza, 1). Donostia

Erakusketa honetan emakume artistek egindako lanak bildu dira, batez ere San Telmo Museoko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko bildumetakoak. Helburua da hausnarketa bat sustatzea horietako asko ezezagunak egiten zaizkigun arrazoien inguruan.

Baginen. Pintoreak, ehungileak, zeramikagileak, eskultoreak, ilustratzaileak, jostunak… Beti izan dira sorkuntzan lan egin duten emakumeak. Aldiz, gutxi izan dira Artearen Historiak aitortu dituenak. XVIII. mendetik, diziplina sortu zenetik, gabezi honen arrazoiak emakumeen ezaugarriei atxiki nahi izan zaizkie, biologiarekin lotuz: sortzeko ahalmena umeak izatean joaten zitzaiela argudiatuta, edo natura emozionalekoak izanda, arrazoiaren bikaintasunera iristeko ezintasuna zutela baieztatuz.

Azken urteotan, ordea, emakume askok egindako lanak ezagutzera eman dira, eta “emakumeen arazotzat” hartzen zena, “Artearen Historiaren arazoa” dela argi geratu da. Beraz, zeintzuk izan dira emakumeak baztertzera eraman duten Artearen Historiaren logikak?

Logika horien barnean museoek eta bilduma publikoek paper esanguratsua betetzen dute. Haiek dira artista batzuen ikusgarritasuna bermatu eta ikerketa bultzatu dezaketenak; aldi berean, haiek dira diskurtso kanonikoak berresteko edo zalantzan jartzeko ahalmena dutenak ere. Mendeetan diskurtso patriarkalaren parte izan ostean, museo asko ari dira egun sistema horretan bete duten rolaren inguruan gogoeta egiten.

Bagara. Berrikuspen honen barnean kokatzen da erakusketa hau. San Telmo Museoa eta Gipuzkoako Aldundiaren bildumetatik abiatuta, emakumeek egindako lanak jaso, erakutsi, eta hauetako asko ezezagun izatearen zergatietan hausnarketa bultzatu nahi dugu. Horretarako, proiektuan zehar hainbat aspektu eta esparru ezberdin arakatu eta aurkezten ditugu: bildumaren eraketaren nolakotasunak, arte sistemaren legitimazio arauak eta moduak, hezkuntza eta profesionaltasunaren arteko talkak, arte sistema eta historiografiatik euren lana baztertzeko erabilitako tresnak eta sor daitezkeen genealogia berriak. Ez omen ginen artearen historian, baina bagara; ez omen ginen museoetan, eta bagara.

INFORMAZIO GEHIAGO