Orain 81 urteko etorkizuna

Andereak elkarteak soka-dantza antolatu zuen.

Durangoko espetxea itxi zutela 81 urte bete dira aurten. Bertara Estatu osoko andreak ekarri zituzten. Durangotik alde egindako Nevers mojen komentuan ipini zuten faxistek espetxea. Andrentzako espetxeek ez zeukaten kartzela itxurarik. Zergatik? Andrei gizartean politikoki parte hartu izana ez aitortzeko. Faxismoari aurre egin zioten andrak gutxiesteko, erregimenaren delitu berrien arabera zigortutako beste andrekin elkartu zituzten (Errepublikak abolitu zituen lege-hausteak, alegia): abortatu edo modu askean prostituitzea (erregimenak andren prostituzioa bakarrik arautu zuen, baldin eta proxenetaren kontrolpean gauzatzen bazen).

Horregatik, presoek ez zioten espetxe esaten, “androntzako biltegi batean” pilatu zituztela azaltzen zuten. Dutxa barik, egunean basobete ur baino ez (edateko edo garbitzeko), ohe barik, aldatzeko arropa barik, eta umeekin zoruan lo egin behar izaten zuten. Gainera, gosearen bitartez, erregimenak hilekoa kendu zien, heldutasun osasuntsurako ezinbestekoa dena eta militante gazteentzako mehatxu legez erabili zena: seme-alabarik izango ez zutela sinistu eragiteko, borrokan amore eman zezaten.

Presoek espetxean erresistentzia sistema eratu zuten, hirunaka antolatuta. Lehen presoa militante gaztea izaten zen, andren aurkako errepresio espezifikoa ulertzen zuen kontzientzia politikodun aktibista, eta irakurtzen zekien taldekide bakarra. Bigarren presoa andra nagusia izaten zen (60, 70 edo 80 urtekoa), premiarik handiena zuen haietako. Hirugarren taldekidea bertako preso bat izan ohi zen, kanpotik pakete gehiago jasoko zituelakoan, beste bi presoekin partekatzeko.

Orain arte, Durango 1936 Kultur Elkarteak Durangoko espetxean giltzaperatu zituzten 126 militante ntifaxistaren izenak bildu baina argi dago askoz gehiago izan zirela.

Emakume durangarren elkartasuna

Andren aurkako errepresioaren oinarria gure militantziaren izaera politikoa ezabatzea zen. Erru bako andreak, ezjakinak, ideologia bakoak… esatean, Errepublikako bizitza sozio-politikoan eta borroka antifaxistan parte hartu izana ezkutatzea da helburua.
Andrak menderatzeko faxisten estrategia gauzatzea da, azken finean. Izan ere, faxisten garaipenaren zauria erakusten zuen Durango minduan, hainbat eta hainbat gizon espetxeratu eta eraildakorekin, herrian antolatu zen erresistentzia antifaxista andrena izan zen. Durangar batzuk ezagutzen ez zituzten espetxeko militanteak bisita egitera konprometitu ziren, haien familiak urrun bizi zirelako edo hil egin zituztelako. Bisitak eta iragan antifaxista partekatzen zituzten.
Durangoko espetxearen itxieraren 81. urteurrenean, orduan andren biltegietan abere moduan sartuta, baina etsitako gizarte batean militante ikusezin izateari uko egin zioten andre horien guztien duintasunaren araberako etorkizuna gura dugu.
(Testua Andereak-ek eta 1936 Kultur Elkarteak emakume presoei egindako omenaldian irakurri zuen egileak)