Amorebieta-Etxanoko Udalak Azaroaren 25aren harira antolatutako jarduerak aurkeztu ditu

Amorebieta-Etxanoko Udalak azaroaren 25aren inguruan antolatutako programazioa aurkeztu du, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira. Prentsaurrekoa elkarrekin eman dute gaur Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak eta Jon Artabe Idazkaritza, Funtzio Publiko, Gardentasun eta Gobernu Oneko zinegotziak, eta Euskara, Berdintasuna eta Arkalaz-en zeharkakotasunaren koordinatzaileak.

Hala, Ainhoa Salterainek berretsi egin du Udalak indarkeria matxistaren aurkako borrokan duen konpromiso ukaezina, eta giza eskubideen urraketa honen larritasuna nabarmendu du. Bere hitzetan, “genero indarkeria etengabeko lehentasuna eta kezka da Udalarentzat, eta lanean dihardugu hau desagerrarazten laguntzeko. Garrantzitsua da gogoratzea, gaur aurkezten ari garen programazioaz gain, urte osoko lanketa bat ere baduela Udalak. Bide horretan, sentsibilizazio-kanpaina ezberdinak garatzen ditu, eta adin eta esparru desberdinei zuzendutako prestakuntza eta tailerrak eskaintzen ditu. Gainera, udalerriko hainbat erakunde eta elkarterekin aktiboki lan egiten du, eta indarkeria matxistaren kasuetan esku hartzeko plan propioa du”.

Programari dagokionez, Salterainek azaldu du jardueren helburua dela Amorebieta-Etxanoko pertsonak genero-indarkeriari buruz kontzientziatzea eta heztea: “biktimak arretaren erdigunean jartzea dugu helburu. Prebentzioa eta genero-berdintasuna sustatzea funtsezko zutabeak dira, baita gure egunerokotasunean bizirik dirauen indarkeria ikusaraztea ere. Horregatik, zornotzarrak gonbidatu nahi ditut programatutako jardueretan aktiboki parte hartzera eta genero indarkeriaren aurkako borrokan bat egitera”.

Bestalde, Jon Artabek Udalak antolatutako jarduera programa oso bat aurkeztu du: “azaroaren 25aren inguruan antolatutakoak nabarmendu nahi ditut hasteko. Eguerdiko 12:00etan Irakurketa Instituzionala egingo baita Herriko Plazan, eta bertara gerturatzeko gonbidapena luzatu nahi dizuet”.

Gainera, azaroaren 25ean bertan, 20:00etan, ‘11 emakume 11 istorio’ dokumentalaren estreinaldia egingo da: “Amorebieta-Etxanoko Udalak bultzatutako ekimen honek 1940tik gaur egunera arte herria eraikitzen lagundu zuten emakume zornotzarrei omenaldia egitea du helburu. Dokumentalak emakume horien bizipen eta esperientziei ahotsa ematen die, bai Amorebieta-Etxanon bizi zirenei, bai hainbat egoeren ondorioz iritsi zirenei ere. Dokumental honen nahia da Amorebieta-Etxanoko historia emakumeen ikuspegitik azaltzea eta udalerriaren etorkizuna ulertzen laguntzea”.

Programazioarekin jarraituz, Artabek azaldu du azaroaren 21ean, Zornotza Aretoan, ‘Creatura’ filma proiektatuko dela Zinekluba programaren barruan: “proiekzioaren ondoren, Elena Martín zuzendariarekin solasaldia egingo da. Film honek, Cannesko Zinemaldiko Zinemagileen Hamabostaldiko Europako Film Onenaren saria irabazi du, eta sentsibilitatez eta taburik gabe jorratzen du emakume baten haurtzarotik egindako biografia sexuala eta fisikoa”.

Era berean, Artabek adierazi du gurasoentzako jardueretako bat Zelaietan egingo dela: “bertan ‘Nola hitz egin gure seme-alabekin sexualitateari buruz’ hitzaldia emango da: “saio hau interesa duten guztiei irekia dago eta gogoratu nahi dut ez dela beharrezkoa aldez aurretik izena ematea”.

Azkenik, Artabek haurrak eta gazteak heztea eta kontzientziatzea ezinbestekoa dela gogorarazi du: “haur eta gazteak programaren parte garrantzitsua dira. Azaroaren 24an, arratsaldez, Ludotekan, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako murala egingo da eta ‘Emakumeen Memory’ jokoa antolatuko da. Gaztetxean, aldiz, gazteentzako iman tailerra egingo da. Hilaren 25ean bertan, Liburutegiak ipuin kontaketa bat eskainiko du, eta Gaztetxean zein Gaueron, egunarekin lotutako jardueran egingo dira”.

Amaitzeko, Jon Artabek gogoratu du manifestazioak eta udalerriko elkarte feministek deitutako beste ekitaldiek Udalaren babesa dutela, eta bide horretan, ezinbestekoa dela genero-indarkeriaren aurkako borrokan bat egitea eta adin guztietako herritarren parte-hartzea sustatzea.