Ez dago zertan museo handi eta famatuetara joan behar arteaz gozatu ahal izateko. Etxetik hurbil ere badago zer ikusi. Durangon, Arte eta Historia museoan ez eze, Ezkurdiko erakusketa aretoan ere aurki daitezke sormen lan interesgarriak.
Horixe da behintzat niri egun hauetan gertatu zaidana. Amaia del Amo, ‘Adaka’ artista durangarraren ‘Sormen In Progress’ erakusketa ikusteko aukera izan dut eta disfrutatu egin dut, bai bertan ikusgai egon diren arte lanak ikusten, bai artistak bere lan prozesuari buruz eman dituen azalpenak entzuten.
Ikusgai egon diren akuareletako irudien eta mezuen loturek atrapatu egin dute, ‘Izarren hautsa egun batean’ edo ‘A pesar de todo, volverá florecer la primavera en nuestras almas rotas’ mezuen ondoan egon diren irudiak…Margolanetako koloreek berriz, energia eta indarra transmititu dute. Emakumeak ere presente daude Amaiaren obran; askatasunik gabeko emakumea, trenaren zain dagoena edota emakume librea. Iltzatuta geratzen diren irudiak.
Amaiaren lanek ez dute titulurik. Apropos omen daude horrela. Ikusleak askatasun osoz imagina dezan aurrean ikusgai duenak iradokitzen diona. Askatasunaren oihartzuna entzun daitekeela iruditu zait. Naturaren presentzia sentitu…Erakusketan zehar artistak lanerako erabiltzen dituen materialak ere ikus daitezke: kuadernoak, dossierrak, liburuak. Gainera, 84 urteko bere amaren panpinak ere txertatu ditu erakusketan.
“Prado museoko 1.160 margo lanetatik 7 baino ez omen daude emakumeek sinatuta, nahiz eta pinturaren artea emakume batek asmatu”
Pozgarria, Pinakoteka handietan ez bezala, gure erakusketetan emakumeen lanak aurkitzea. Adibidez, Prado museoan ikusgai dauden 1.160 margo lanetatik 7 baino ez omen daude emakumeek sinatuta, nahiz eta pinturaren artea emakume baten asmakizuna izan, Plinio Zaharrak idatzita utzi zuenaren arabera bederen. Haren esanetan Corintoko dontzeila bat izan zen lehen margolaria, mutil gazte batez maitemindua haren perfila margotu zuen horma batean kandela argitan, itzulerara arte gogoratzeko.
Halere, oraintsu arte gizonek kontatu dituzte bizitzako gertaerak. “200 años de un mundo pintado por ellos” irakurri nuen oraintsu. Zorionez txiri-txiri badator aldaketa, behetik gora. Musak ez eze, margolariak ere baditugu erakusketetan. Zenbait feministak badatorrela “amazonen garaia” diote. Amaia del Amo izan daiteke horietako amazona bat. Ea museo handietara ere heltzen diren amazona margolari eta sortzaileok.
Esperantzari leihoa zabaldu eta, bihar-etzi, Amaia del Amoren lanak ere pinakoteka handiren baten ikusiko ditugulako itxaropena geratzen zaigu. Bitartean, zorionak Amaia, jarraitu sormenaren xarma kutsatzen.