Ainhoa Tirapu atezain ohia Berrizen bihar egingo den ‘Emakumeak eta kirola’ mahai-inguruan izango da

Berrizko Udalak hainbat ekitaldi prestatu ditu Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, eta bihar arratsaldean  mahai-inguru bat egingo da ‘Emakumeak eta kirola: indarkeria eta erronkak berdintasunaren bidean’ izenburupean. Solasaldia Nagusien Etxean izango da, 18:00etatik aurrera.

Ekitaldian izango dira Ainhoa Tirapu, Athletic Clubeko eta Espainiako selekzioko atezain ohia; Ainhoa Azurmendi, psikologoa, ikertzailea eta kirolari ohia, eta ekitaldiaren moderatzaile aktibo eta aurkezle lanetan arituko den Amaia Ugarte, emakumezkoen kirol aditua.

Mahai-inguruan indarkeriarekin zerikusia duten gaurkotasuneko hainbat gai jorratuko dira; hala nola, Gernikako Lointek taldean gertatutakoa edo Jenni Hermosoren kasua; emakume kirolaria berdintasunaren ibilbidean edo oraindik egiteko dagoena.

Tirapuk, Azurmendik eta Ugartek beste gai batzuen inguruko hausnarketa egingo dute ere. Besteak beste, kirol federatuan dagoen diskriminazioa baliabide edo erreferente faltari dagokionez; emakume kirolarien ibilbide baldintzatua, haien ogibidea ziurtatzeko goi-mailako ikasketak egin behar dituztelako edo amatasunak baldintzatzen dituztelako; edo egitura eta tresna guztiak gizonen neurrira egokituta daudelako.