Abadiñoko Udalak, Eneritz Iturriaga txirrindulari olinpiko ohiaren eskutik arituko den emakumezkoen 23 urtez azpiko Abadiño Cycling Academia taldea babestuko du denboraldi honetan. Lehen aldiz, emakumezkoen txirrindulari taldea egongo da Abadiñon, profesional bihurtzeko helburua duten inguruko korrikalariek osatua.
Eneritz Iturriaga iaztik ari da lanean bizkaiko herrian, hainbat proiektu eta ekitalditan, udalarekin eta herriko ikastetxeekin elkarlanean, helburu bikoitzarekin: txikitatik bizikletaz gozatzea, eta, aldi berean, etorkizuneko lehiaketari atea irekitzea. Esparru horretan sortu da ekimen hau.
Oraingoz bost korrikalari gaztek (23 urtez azpikoak) osatuko dute taldea, horien artean, Olatz Caminok, iazko Euskaldun Txapelketaren irabazleak. Urtearen erdian Leire Azpitarte iurretarra sartuko da. “Gaztea bada ere, berarentzat egingo dugu lan, gure Abadiño Academia Cycling taldean onenekin hel dadin”, azaldu zuen Iturriagak.
Caminoz gain, lau korrikalarik osatuko dute taldea hasiera batean: Lidia Pintok, Almudena Moralesek, Carolina Vegak eta Marta Rosillok. Lehiaketa martxoaren 5ean hasiko da, eta aurten 30 probatan lehiatzea espero dute.
Emakumeen kirola
2020-2023 Agintaldiko Planean, Abadiñoko Udaleko gobernu-taldeak udalerrian emakumeen kirola sustatzeko konpromisoa hartu zuen, bi alderditan: emakumeek kiroljardueretan parte hartzea sustatuz eta umeentzako erreferente izango diren emakumeen kirol-ekitaldiak babestuz.
“Bizikletan tradizio handia dugun eremua gara, ukaezina da hori, baina orain pauso bat harago goaz, emakumeen kirolaren aldeko apustua eginez”, azpimarratu zuen Mikel Garaizabal Abadiñoko alkateak. Rosa Miguel, Berdintasun zinegotzia eta Patxi Campo, Kirol zinegotzia ere aurkezpenean egon ziren.