Emakume nagusiek pairatzen duten biolentzia fisikotik psikologikora pasatzen da adinarekin

Emakume nagusiek pairatzen duten biolentzia ikustezina da, ezezaguna eta urte luzeetan jasandakoa. Gainera, denbora horretan egiten den bortizkeriaren era aldatuz doa eta gizonek indarra galtzen duten heinean fisikoa izatetik psikologikoa izatera pasatzen da.

Hala azaldu zuten Nerea Elias eta Leire Kortajarena FARAPI kooperatiba elkarteko kideek, Onekak (Hego Euskal Herriko emakume pentsiodunen plataformak) eta Emakundek  Andragunean (Durangon) antolatutako ‘Emakumeen aurkako biolentziak ez du adinik’, izenburuko tailerrean.

Saioan biolentzia matxistaren jatorria, ezaugarriak, emakume nagusiengan dituen berezitasunak eta irtenbideak planteatu zituzten. Adituek azaldu zutenaren arabera, biolentzia mota desberdinek elkarri eragiten diote. Bortizkeria fisikoa sostengatzen duten biolentziak estrukturala eta sinbolikoa dira.

Botere harremanak

Gizarteak gizonak eta emakumeak hezitzen ditu funtzio desberdinak betetzeko. Horrek botere harremanak sortzen ditu eta emakumeak gizonen menpe bizi dira. Sistemak emakumeengan eragiten duen bortzikeria da eta estrukturala deitzen zaio. Horren adibidea da zaintza lanak ez baloratzea eta emakumeentzat derrigorrezkoak izatea.

Baina androk ez dugu agindu hori era zuzenean jasotzen baizik eta estereotipo, mito eta historioen bidez. Hori biolentzia sinbolikoa da.

Biolentzia estrukturalak eta sinbolikoak bortizkeria fisikoa eta psikologikoa eragiten dituzte. Biolentzia fisikoa kasu batzuetan baino ez da izatn, baina “zirkunstanzia guztietan” dago bortizkeria psikologikoa.

Biolentzia psikologikoa irainen eta mehatxuen bidez adierazten da. Emakume nagusi askok ezin dela egiaztatu pentsatzen dute baina Eliasek eta Kortajarenak frogatu daitekeela azpimarratu zuten eta pairatzen dutenak laguntza eskatzera animatu zituzten.

Ezezaguna

Adituek esan zutenez, emakume nagusiek pairatzen duten biolentzia bi arrazoirengatik da ezezaguna: salatzen eta identifikatzen ez delako eta horren inguruko ikerketarik egiten ez dekalo.

“Geratzen zaienagatik jasan dezatela”. Hori da zabalduta dagoen pentsamendua, bai jendartean baita familietan ere. Askotan seme-alabek ere biolentzia hori pairatu dute gaztetan eta amari bere garaian ezer egin ez izana aurpegiratzen diote. “Zergatik orain bai eta lehen ez?”

Familia, hain zuzen, oztopoa izaten da biktimentzako eurentzako ere. Jaso duten heziketak, erlijiosoak batez ere, sakrifizioa, apaltasuna, kulparen ideiak transmititu dizkie. Bestalde, euren burua familiaren zutabetzat dute eta beldur dira bikotea desegiten bada familiari kaltetuko ez ote dioten.

Irtenbideak

Nagusiek pairatzen duten biolentzia frankismoaren herentzia da. Garai hartan etxetik kanpo lan egiten zutenak etxera bueltatzera behartzen zituzten dote bat emanda. Gaur egun, emakume horiek autonomia ekonomikorik gabe eta biolentziaren eraginpean bizi dira, etxean atrapatuta.

Ondoeza sentitzen dute eta gaitz emozionalak estaltzeko antidepresibo eta ansiolitikoak ematen dizkiete. Gainera, adituek salatu zutenez min psikologikoak gaixotasun fisikoak ekartzen ditu denborarekin.

Irtenbideak ere aztertu zituzten tailerrean parte hartu zutenek. Hartu beharreko neurrien artean diagnostikoak eta ikerketak egitea, emakume nagusien sareak antolatzea, formakutza eskaintzea, legea aldatzea eta elkartasuna adieraztea, aipatu zituzten, besteak beste.