Erakundeak, bide orririk gabe

Maite Asensio Lozano (Berria):

Orain 30 urte Irunen eta Hondarribian (Gipuzkoa) alardeetan sartzea eskatu zuten emakumeek nekez pentsa zezaketen hiru hamarkadaren ostean ezin izango zutenik euren herriko jai nagusian berdintasunez parte hartu. Denek espero baino gehiago luzatzen ari da gatazka, eta ez dirudi konponbidea agudo helduko denik: bide orririk ere ez dute erakundeek. Irunen elkarrizketa prozesurik ere ez da martxan, eta Hondarribian duela hiru urte abiatu zituzten solasaldiak, udal gobernu aldaketarekin batera. Oraindik hastapenetan daudela aitortu du Igor Enparan alkateak (Abotsanitz): «Eltzea sutan dugu, baina ura ez da irakiten ari».

Hiru hamarkadotan enkistatu egin da gatazka, eta edozein jardun txikik eragiten du ur sakonak mugitzea, auziaren alderik bortitzenak azaleratzea. Eta eremu politikoan, oraindik ere, deserosoa da gaia, eragile guztiek ahotan izan arren berdintasunaren aldeko konpromisoa. Izan ere, 30 urteko gatazkaz eta konponbideaz galdezka hainbat instituziotara eta alderditara jo du BERRIAk, baina erreportaje honetan parte hartzeari uko egin diote Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Irungo Udalak eta PSE-EEk.

Baina zergatik luzatu da hainbeste gatazka? Emakumeen parte hartzeko eskubidea babestu du hasieratik EAEko Arartekoak, eta berdintasunaren alorreko arduradun Maria Luisa Agirretxek argi du: «1996an ordena juridikoan ez zegoen zalantzarik: emakumeak ezin ziren baztertu emakume izateagatik udalek antolatzen zuten festa baten. Gero, alardeak pribatizatu egin zituzten, nahiz eta eremu publikoan egin, eta udalek ez zuten argi eta irmo erreakzionatu; antzeko gatazkak izan dituzten beste udal batzuek, adibidez, ez dute izan hauteskundeetan gerta zitekeenaren beldurrik».

«Alardeak pribatizatu egin zituzten, eta udalek ez zuten argi eta irmo erreakzionatu; antzeko gatazkak izan dituzten beste udal batzuek, adibidez, ez dute izan hauteskundeen gerta zitekeenaren beldurrik»

MARIA LUISA AGIRRETXE EAEko Arartekoko berdintasun arduraduna

Izan ere, udalak desfile baztertzaileen alde lerratu ziren hasieratik: Hondarribian EAJk izan zuen alkatetza 2023ko udal bozetara arte, eta ez zion inoiz harrera egin Jaizkibel konpainia mistoari; Irungo Udalak —PSE-EEk gidatzen du—, berriz, justu 2023an egin zion harrera lehenbizikoz alarde parekideari, Enparanek Hondarribian izango zuen jarrera aldaketa aurreikusita, baina hainbatetan uko egin dio udal alardea berreskuratzeari. Udalen jokabide horrek anbiguotasuna eragin du, Agirretxeren arabera: «Emakumeek berdintasunez parte har dezakete bizitza kulturaleko eremu guztietan, baina bi herriotan ilusio faltsu bat elikatu zen: euren tradizioa emakumerik gabe manten zezaketela; hori elur bola baten moduan hazi zen, horren inguruan identitate bat sortzeraino. Ez da positiboa izan: gizartea haustea ekarri du».

Herriaren ikuspegitik, gatazkak bizikidetzan izandako eragina ere ez da behar bezala kudeatu, Enparanek nabarmendu duenez: «Zauriak sendatzeko neurririk ez da hartu hiru hamarkadetan, eta haustura hori ezin da bakarrik sendatu. Lehenengo urteetan instituzioetatik elkarrizketa sustatu izan balitz, ez ginateke egongo oraingo egoeran. Ikuspegiak oso aldenduta daude oraindik». Ildo horretan, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak gogora ekarri du hainbat fase izan direla gatazkan, orain «lasaiago» dagoela, baina auziaren erroa berbera dela: «Emakumeen eta gizonen parte hartzean desoreka nabarmena dago. Arazo hori ez aitortzeak soluziobidea oztopatzen du».

«Emakumeen eta gizonen parte hartzean desoreka nabarmena dago. Arazo hori ez aitortzeak soluziobidea oztopatzen du»

MIREN ELGARRESTA Emakundeko zuzendaria

Eta, hala, gatazka lehertu eta hiru hamarkadara, inork ez daki nola konponduko den; funtsean, nola aldarazi desfileetan emakumeak nahi ez dituztenen jarrera. Irunen erabat blokeatuta dago egoera: bi alarde egiten dira, baztertzailea eta parekidea, eta ez da ikusten bien bideak elkartzeko modurik. Hondarribian, berriz, presenteago dago gatazka: alarde bakarra egiten da, emakumerik gabe, eta Jaizkibelen erronka da hor sartzea. Bertako udal gobernu berriak ekarri ditu aldaketak, batez ere, Jaizkibeli aitortza egite aldera, baina tentsio handia eragin dute. «Keinuak oso inportanteak dira, baina komeni da aurrerapausoak egonkortzea, eta denbora beharko dute», adierazi du Elgarrestak.

Elkarrizketaren tresna

Abotsanitzen eta EH Bilduren gobernuak martxan du lau ardatzeko lanketa bat: udal taldeen mahai bat, erakundeen arteko beste bat, herritarrekin solasaldiak antolatzeko dinamika bat eta berariaz gazteekin aritzeko beste bat. «Elkarrizketa» da erreminta nagusia, Enparanen hitzetan: «Baina hiru urte hauetan ez dugu topatu gutxieneko akordio baterako oinarririk, elkarrizketa franko egin ditugun arren. Eta batuko gaituen punturik gabe zaila da bide orri bat irudikatzea. Saiatu gara, saiatzen ari gara eta jarraituko dugu».

Prozesu hori erakunde arteko mahaian jorratzen du udalak diputazioarekin, Arartekoarekin eta Emakunderekin. Berez, 2012an sortu zen, Bildu aldundira iritsi eta gatazka konpontzeko prozesu bat abiatu zuenean, baina egun Hondarribiko Udalaren ekimenez elkartzen da. Instituzioen ekarpena eskertu du alkateak, baina inplikazio handiagoa nahiko luke: «Eusko Legebiltzarrean onartutako Berdintasun Legea betearaztea eskatzen zaigu, baina guk ez daukagu horretarako erremintarik: euskarriak, laguntza eta babesa behar ditugu».

«Hiru urte hauetan ez dugu topatu gutxieneko akordio baterako oinarririk, elkarrizketa franko egin ditugun arren. Eta batuko gaituen punturik gabe zaila da bide orri bat irudikatzea»

IGOR ENPARAN Hondarribiko alkatea

Elgarrestak esplikatu duenez, «akonpainamendua» egiten ari da Emakunde: «Mahaiaren zeregina da udalaren berdintasun plana betetzen laguntzea, bi puntu baitaude alardearekin lotuta». Agirretxek erantsi du herrian bizikidetza hobetzea izan dela mahaiaren xede nagusietako bat: «Esparru hori lantzen ari dira, ondoren beste pauso batzuk eman ahal izateko. Tarteka frustrazio handiarekin, errazak izan beharko liratekeen gauzak ez direlako hala. Aldeak esertzea zaila da».

Alderdi politikoei ere «apustua egiteko» eskatu die Hondarribiko alkateak: «Ziur nago alderdiak konponbidera batuko direla akordio baterako aukera ikusten dutenean, eta akordio hori patrimonializatzen saiatuko direla. Baina orain ez gaude hor». Are, kontrakoa gertatzen dela oroitu du: «Berdintasun legea adostasun handiz onartu zuten alderdi politikoek, baina hemen talde politikoen artean desadostasun gehiago dago adostasunak baino».

Alderdien jarrera

Berdintasun planarekin geratu da agerian azkenekoz: martxoko udalbatzan onartu zen, EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu arren. Jeltzaleei eta sozialistei askotan aurpegiratu zaie modu batera jokatzea orokorrean, berdintasun politikei lotuta, eta beste modu batera Irunen eta Hondarribian, alardeei lotuta. EAJko Gipuzkoa Buru Batzarreko berdintasun arduradun Marijo Etxegoienen eta Itxaso Agirreren ustez, ordea, ez dago «inkoherentziarik» haien jardunean. «Aldundian, Irunen eta Hondarribian alderdi desberdinak aritu gara gobernatzen, eta tamalez inork ez du lortu gatazka konpontzea. Denok izan dugu ezintasun bat», adierazi du Agirrek; «Alderdi bezala beti eman diogu babesa desfile mistoari, beti defendatu dugu emakumeen eta gizonen ateko berdintasuna eta bizikidetza».

«Inposaketaren bidean ez da ezer lortuko. Alde batek sentitzen badu bere borondatea ez dela errespetatzen, ez da konponbiderik izango»

MARIJO ETXEGOEIN EAJko GBBko berdintasun arduraduna

Etxegoienek gaineratu du berdintasuna «balio demokratiko bat» dela, baina aitortu du alardeen gatazka konplexua dela. Elkarrizketaren bidea jorratzera deitu du: «Belaunaldi berriek izan dezakete komunitatetik adostasun berriak eraikitzeko gaitasuna. Baina inposaketaren bidean ez da ezer lortuko. Alde batek sentitzen badu bere borondatea ez dela errespetatzen, ez da konponbiderik izango».

Maite Asensio Lozano
BERRIA: https://www.berria.eus/euskal-herria/erakundeak-bide-orririk-gabe_2160289_102.html