Beldur Barik, gau eta egun

Emakundek, EUDELek eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek “Beldur Barik, gau eta egun” kanpaina aurkeztu dute, eraso matxistak prebenitzeko eta euskal herrietako jaietan eguneko 24 orduetan errespetu-, askatasun- eta segurtasun-giroa sustatzeko.

Euskal erakundeak elkarlanean aritu dira aurten ere udako jaietako jai-guneetan eraso matxistak prebenitzeko kanpainan. “Jaietan espazio libre eta seguruak eraikitzeko ardura hartu behar dugu, pertsona guztiekiko errespetua bermatzeko”, adierazi du Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak.

Oraingo honetan, ‘Beldur Barik, gau eta egun’ kanpainaren leloak azpimarratu nahi du erasoak gauez ez ezik, eguneko edozein unetan ere gerta daitezkeela. Elgarrestak azpimarratu duenez, “ez dugu jarrera matxistarik onartuko, ez gauez, ez egunez. Indarkeria matxista presente dago oraindik gure gizartean eguneko 24 orduetan, eta hainbat modutan agertzen da: indarkeria sinbolikoa, psikologikoa, fisikoa… “.

Emakundek EAEko udal guztietan banatu diren kanpainako materialak eguneratu ditu. Alde batetik, Beldur Barik gidak jai-inguruetan eraso matxistak identifikatzen eta horiei aurre egiten laguntzeko tresnak eskaintzen ditu. Argitalpen horren osagarri, dekalogo bat egin da, eraso matxista bat ikusi edo biktima izanez gero aholku eta baliabideekin.

Aurrerapauso garrantzitsuak

Miren Elgarrestak eskertu egin du udal askok jai-gune seguruak sustatzen egindako ahalegina: “Herri askotan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira sentsibilizazioan, baina behin eta berriz esan behar dugu ez jaiak ez alkoholak ez dutela eraso matxista justifikatzen”.

EUDELeko presidenteak nabarmendu du udalek urtean zehar lan egiten dutela jai seguruak, berdintasunezkoak eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabekoak diseinatzeko, konpartsekin, ostalaritzarekin eta mugimendu feministarekin koordinatuta. Halaber, edozein erasoren aurrean “beste alde batera ez begiratzeko” deia egin die herritarrei, eta arduraz eta konpromiso kolektiboz jokatzeko eskatu die. “Jaiak 24 orduz bizitzen badira, berdintasuna ere bai”, azpimarratu du.

Kanpainak presentzia izango du sare sozialetan eta irratietan, euskal gazterian zuzenean eragiteko. Materialak esteka honetan deskarga daitezke.