Bròders, berdintasunezko maskulinitateak sustatzeko gune digitala

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak Bròders aurkeztu du gaur, Fundación Iniciativa Social (FIS) eta Laintersección elkarteak bultzatutako ekimena, genero-estereotipoak zalantzan jarriko dituen eta gizon gazteenen artean maskulinitate askotarikoak eta berdintasunezkoak sustatuko dituen komunitate digitala, eta Euskadin Gizonduz-en bitartez zabalduko dena. Berdintasunaren aldeko gizonekin eta maskulinitateekin lan egiteko euskal zerbitzua arduratu da proiektuaren webgunea euskarara egokitzeaz eta gazteei laguntza emango dien boluntario euskaldunen talde bat sortzeaz.

2017tik, Gazteak Berdintasunean proiektua abian jarri zuenetik, Gizonduz lanean ari da emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka sentsibilizatuta, prestatuta eta konprometituta dauden gazteen kopurua handitzeko.

Mezu ukatzaileen testuinguruan, horrelako ekimenak oso beharrezkoak dira, Miren Elgarrestak Bròdersen aurkezpenean azpimarratu duenez. “Diskurtso misoginoak eta berdintasunaren aurkako diskurtsoak nagusitzen ari diren mundu digital honetan, eta maskulinotasun toxikoa indartzen duen manosfera hedatzen ari den mundu honetan, gertatzen ari denari arreta jartzeko betebeharra dugu”.

Hori dela eta, espazio digital berri hau irekitzen da, “espazio seguru eta anonimo bat eskaintzea bilatzen duen plataforma bat, mutilek askatasunez adierazteko eta zaurgarri agertzeko aukera izan dezaten, eta hori eragozten dien maskulinotasunaren presiorik gabe”.

Sakontzeko materialak

Bròders foro gisa diseinatuta dago, harremanak, osasuna edota bestelako gaurkotasunezko gaiei buruzko galderak eta iritziak plazaratzeko, betiere modu anonimoan eta errespetuz. Harremanetan, sexualitatean edo arrakasta pertsonalean sakontzeko materialez gain, txat anonimo bat ere badago, berariaz prestatutako boluntarioekin, mutilek esan behar dutena entzuteko eta laguntzeko, eta, beharrezkoa bada, laguntza profesionalera bideratzeko. Markel Serrano, ekimen honetako boluntarioa, aurkezpenean izan da, Ander Bergara, Emakundeko Gizonduz ekimenaren arduradunarekin batera.

Miren Elgarrestak gogorarazi duenez, “garrantzitsua da berdintasun-politiketatik bi norabideetan lan egitea: emakumeen eta nesken ahalduntzea bultzatuz, batetik, eta, bestetik, gizonen eta mutilen inplikazioa sustatuz berdintasunaren alde”.