Gaztea nintzen Lurdes Iriondo lehen aldiz entzun nuenean. Zornotzan izan zen, nire jaioterrian. Liluratuta utzi ninduen bere ahots gozoak eta kantatzeko erak. Harrezkero bere fan bihurtuta kantaldi askotara joan nintzen, bai Ez Dok Amairu taldearekin abesten zuenean, baita geroago Lete eta Benitorekin abesten zuenean ere.
Lurdesek 1964an egin zuen lehen emanaldia Andoainen, ikastolaren alde antolatutako kantaldi batean, aitak oparitutako gitarrarekin, arrakasta handia lortuta beste asko etorri ziren ondoren. Handik aurrera, Euskal Herriko txoko guztietan ibili zen kantari. Adibidez, 1965ean, 40 kantaldi inguru eskaini zituen. 1967an, berriz, 170 inguru izan ziren. Hainbat disko ere grabatu zituen.
Garai hartako Euskal Herrian ez zen batere ohikoa emakume bat oholtza gainean agertzea, gitarra eskuetan zuela. Lurdes aitzindaria izan zen. Luze gabe hasi ziren emakume kantariarentzat goitizenak agertzen: Euskal Herriaren nobia, Euskal Herriko Joan Baez eta Ez Dok Amairuko musa deitu izan zioten. sasoi hartan izan zituen lehen arazoak zentsurarekin. «Ez gaude konforme», «Askatasuna zertarako», «Nire erria» eta gisakoak kantaldietan abesteko baimena jaso behar izaten zuen, eta hainbatetan moldaketak egin.
Azken kanta saioa 1978an Hernaniko Galarreta pilotalekuan eman zuen Leterekin, Valverderekin eta Pantxoa eta Peiorekin batera egindako kontzertuan, osasun arazoak tarteko jendaurrean kantatzeari agur esan zion bertan.
Aurrerantzean ez zen geldirik egon, herrigintzan jarraitu zuen. Haurrekin zaletasun berezia zuen, eta haientzako hainbat liburu argitaratu zituen: Martin arotza eta Jaun deabrua (Toribio Altzaga Saria jaso zuen), Sendagile maltzurra (Gero, 1973), Asto baten malura (Gero, 1975) eta Buruntza azpian (Gero, 1975). Bi narrazio liburu ere kaleratu zituen: Hego-haizearen ipuinak (Gero, 1973) eta Lotara joateko ipuinak (Erein, 1983).
Haurrekin Buruntza antzerki taldea antolatu zuen Urnietan, eta hainbat antzezlan idatzi eta zuzendu. Horietako bat, Fabrika berria, 1977an estreinatu zen. Gogoan dut Zornotzan ere izan genuela ikusteko aukera Bizkaiko Ikastolen Elkarteak antolatuta.
Apirilaren 16an Durangoko Zugaza zineman izango dugu dokumentala ikusteko aukera, Gerediaga Elkarteak eta Hitzez eta Ahotsez taldeak antolatuta.
Aitzindaria izan zen arren, urteetan gerizpean egon den larroa izan dela iruditzen zait. Gutxitan entzun dugu haren ahotsa irratietan, are gutxiago telebistan. Haren ibilbideaz ere ez dugu aipamen handirik egin edo irakurri. Ezer gutxi hark haurrekin egin zuen lanari buruz, antzerkian egin zuen ekarpenaz, idatzi zituen liburuez.
Zorionez, Inge Menrioroz Ibañez zuzendariak eta Idoia Garzes Aldazabal gidoilariak dokumental bat ondu dute gure belaunaldikook gogoratu dezagun eta hurrengoek haren iblbidea ezagutu dezaten.
Apirilaren 16an Durangoko Zugaza zineman izango dugu dokumentala ikusteko aukera, Gerediaga Elkarteak eta Hitzez eta Ahotsez taldeak antolatuta.
Lurdes Iriondori buruzko informazio zabalagoa Wikipedian ere bildu dugu: Lurdes Iriondo


