Durangok A25ari lotutako programa aurkeztu du, indarkeria matxista desagerrarazteko

Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Durangoko Udalak hainbat jarduera antolatu ditu azaroan zehar, indarkeria matxista ikusarazteko, salatzeko eta desagerrarazteko helburuarekin. Berdintasunaren eta justizia sozialaren aldeko konpromisoarekin, programa honek herritar guztiarentzat izango diren sentsibilizazio, hausnarketa eta parte-hartze ekintzak jasotzen ditu, ikuspegi komunitario eta feminista batetik.

Programazioa azaroaren 17an hasiko da Carmen Ruiz Repullo soziologoaren hitzaldiarekin. “Espazio digitalak eta haien eragina nerabezaroan eta gaztaroan: ziberindarkeria matxistei aurre egitea” izenburupean, goizeko 11:00etan izango da saioa Andragunean (Lariz Dorrea, 2), profesionalei zuzenduta. Arratsaldean, 17:00etan, hitzaldia publiko orokorrarentzat zabalduko da Plateruena Kafe Antzokian.

Azaroaren 23an ospatuko da Landako atletismo-pistan Emakumeen VIII. Lasterketa, Durango Kirol Taldearen eskutik. Egun horretan bi lasterketa egingo dira: 10:30ean 1.600 metroko ibilbide laburra, kausa babestu nahi duen edonorentzat irekia, eta 11:00etan 4.800 metroko lasterketa, emakumeei soilik zuzendua. Jarduera honek elkartasuna eta kirola uztartuko ditu, berdintasunaren aldeko aldarria kaleetara ateraz.

Azaroaren 25a izango da egitarauaren egun nagusia. Goizeko 12:00etan, ekitaldi instituzionala egingo da Ambrosio Meabe plazan, indarkeria matxistaren ondorioz hildako emakumeen omenez. Ekitaldian adierazpen instituzionala eta lore-eskaintza egingo dira, oroimena eta konpromisoa uztartuz. Arratsaldeko 19:00etan, Durangoko Autodefentsa Feministaren Batzarrak (DAFA) deitutako mobilizazioa izango da Andra Mari plazan, herritarren parte-hartzea sustatzeko eta indarkeria matxistaren aurkako jarrera irmoa erakusteko.

Hurrengo egunean, azaroaren 26an, June Fernández kazetari feministak hitzaldi elebiduna eskainiko du Elkartegin (Landako etorbidea, 4), 17:30etik 19:00etara. “Komunikabideek eta sare sozialek indarkeria matxistaren erreparazioan duten papera” izeneko hitzaldian, komunikazioaren eta diskurtso publikoaren eraginaz hausnartzeko aukera eskainiko da.

“Azkenik, azaroaren 29an jardunaldi kulturala eta formaziorako eguna izango da, sentsibilizazioa eta hausnarketa kulturaren bidez sustatzeko. Goizeko 11:00etan, Zugaza zineman, “Custodia compartida” filma eskainiko da, sarrera librearekin. Ondoren, solasaldia egingo da Oihane Artetxeren gidaritzapean, Andereak elkartearen laguntzarekin. Arratsaldeko 19:00etan, San Agustin antzokian, El Mono Habitado konpainiaren “¡GUAPA!” antzezlana taularatuko da. Ikuskizun honek edertasunaren inguruko estereotipoei eta presioei buruzko gogoeta proposatzen du, umorea eta kritika uztartuz.

Ekintza hauei gehituko zaie Durangoko ikastetxeetako batxilergoko ikasleei zuzendutako zineforuma, “How to Have Sex” filmaren proiekzioarekin. Ekimena Sortzen aholkularitzaren dinamizaziopean egingo da. Halaber, aurkeztuko da emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko Durangaldeko Erakunde arteko II. Protokoloa, hirugarren sektoreko elkarteentzako bereziki pentsatua eta EDE Fundazioaren koordinazioarekin landua.

Jesica Ruiz Berdintasun zinegotziak nabarmendu duenez, “azaroaren 25a ez da data sinbolikoa bakarrik; ekintza kolektiborako dei sendoa ere bada. Urtez urte, indarkeria matxistaren aurkako borrokan urrats berriak ematen jarraitu nahi dugu. Horregatik, anitza eta parte-hartzailea izango den programa bat osatu dugu, herritarren sentsibilizazioa, prebentzioa eta babesa ardatz izango dituena. Durango herri seguru eta berdinzaleagoa eraikitzeko, guztion inplikazioa ezinbestekoa da. Urrats bakoitzak badu bere garrantzia”.