Euskal Herriko Mugimendu Feministak euskal hiriburuetan antolatu dituen A25eko manifestazioak ‘Indarkeria matxistarik gabeko bitzitzak-Vivas libres y organizadas’ lelopean Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeatik irtengo dira.
Iaz bezala, EHFAK- Euskal Herriko Feminista Abolizionisten Koordinakundeak, bloke abolizionistak antolatu ditu lau hiriburuetako eta Durangoko manifestazioetarako.
EHFAK osatzen duten elkarteek indarkeria matxistaren biktimei errekonozimendu ekitaldiak antolatu dituzte bezperarako, 24rako (informazioa, beheko kartelean). Aurtengo biktimen izenak irakurriko dituzte kandelak pizten dituzten bitartean. Pankarta errebindikatzaileak ere eramango dituzte. Durangon, Andra Mariko zubian, Andereak elkarteak lazo lilak ipiniko ditu, bakoitzean eraildako emakumeen izen bat idatzita.
Itaia emakumeon antolakunde sozialistak beste ordu batzuetan egingo ditu protestak. ‘Indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki’ aldarripean. “Azaroaren 25ean kalera aterako gara indarkeria matxista amaitzeko konpromisoa berretsi eta norabide horretan borrokatzeko beharrizana aldarrikatzeko”, adierazi dute sare sozialetan.