Lara Izagirre feminista euskaltzale bila dabil bere hirugarren filmerako

Lara Izagirre zuzendari eta gidoilari zornotzarra hirugarren proiektu zinematografikoan murgilduta dago, ‘Un otoño sin Berlin ‘(2015) eta ‘Nora’ (2020) lanen ondoren. Film berria Federico García Lorcaren ‘Yerma’ antzezlanaren egokitzapenean oinarrituko da, María Goirizelayak egina.

Sare sozialen bidez, Izagirrek jakinarazi du martxoaren 28tik apirilaren 1era 18 urtetik gorako emakumeentzako casting bat egingo duela Bilbon, sorkuntza-laborategi formatuan. Euskaraz inprobisatzeko gaitasuna duten hautagaiak, dibertitzeko gogoa dutenak, feministak eta zinema maite dutenak bilatzen ditu. Interesa duten emakumeek 2 minutuko bideoa bidali behar dute pelikulabatenbila@gmail.com helbidera.

20.000 erle espezie

Zinemagile zornotzarra zorioneko dago Estibaliz Urresola Solagurenek zuzendutako ‘20.000 erle-espezie’k Berlinalen eduki duen arrakastagatik. Izagirrek eta Valerie Delpierrek ekoitzi dute filma. Sofia Oterok, 9 urteko protagonistak, Zilarrezko Hartza irabazi du trans neskato baten interpretazioagatik. Proiektuaren helburua zen nortasun gutxituentzat onarpen-horizonte bat eraikitzea.

Izagirrerentzat (Gariza Films), garaipen hau “mugarri garrantzitsua da euskal zinemarentzat, pelikula hau egin dugun emakume guztiontzat, gure hizkuntzarentzat eta Estibalizentzat, une honetako zuzendari berri interesgarrienetakoa baita”.

Euskaraz egindako film bat Berlinaleko sail ofizialean lehiatzen den lehen aldia da. Estreinaldia zinemetan apirilaren 21ean izango da.