Emakumezkoen zesta-puntaren etorkizuna Durangon jokatuko da

Lehen ‘Women Winter Series’ emakumezkoen zesta-punta goi mailako txapelketa Durangoko Ezkurdi pilotalekuan jokatuko da gaurtik aurrera. Emakumezkoen binakako lehiak gizonezkoen banakako torneoko Lauko Finaleko partidekin batera jokatuko dira.

Winter Series marka zesta puntarako erreferentzia da eta kirol mota hau egiten duten emakumeek aurrerapausua eman dezaten bideratzeko plataforma da.

Durangon jokatuko duten pilotari guztiak gazteak dira. Horietako handiena, Eneritz Lizardi, mutrikuarra eta munduko txapelduna, 18 urte baino ez ditu. Txapelketako gazteenak Markina-Xemeingo Erika Mugartegi eta Zumaiako Frida Watkins dira, laster 15 urte beteko dituena.

15 eta 18 urteko tarteetan daude gainerako puntistak: Maite Ortiz de Mendibil, Maialen Aldazabal, Helena Barrenetxea, Arai Lejardi eta Ihart Arakistain. Horiei guztiei dagokie emakume puntisten belaunaldi berriei bidea irekitzea.

Helena Barrenetxea durangarra izango da ‘Women Winter Series’ saioaren lehen protagonista. Nahiz eta herriak Ezkurdi frontoi ospetsua izan, erreferenterik gabe bizi izan da. Kantxa erabat berritua dago eta duela gutxi berak estreinatu zuen, hain zuzen.

Ezkurdi pilotalekuak 19:00etan irekiko ditu ateak hurrengo hiru astelehenetan eta jaialdi bakoitzak bi partida izango ditu. Lehenengoa ‘Women Winter Series’ torneoari dagokio eta bigarrena gizonezkoen banakako torneoari. Hiru jardunaldiak EITBk emango ditu diferituan, 22:30etik aurrera.

Egutegia


Otsailak 27

Ortiz de Mendibil-Aldazabal vs Arakistain-Watkins

Baranda vs Sorozabal

Martxoak 6

Mugartegi-Lejardi vs Barrenetxea-Lizardi

Erkiaga vs Arraina

Martxoak 13

Amaierakoak