Espainiako Gobernuak industriako langileek industrialek errelebo kontratua 2011 urteko murrizketen aurreko baldintzetan hartzea baimendu du beste urtebetez. ELAren esanetan, erabakiak “berriro ere enpresa handi batzuen beharrei men egin die langile zaurgarri guztien osasuna zaindu beharrean eta, honela, bereziki emakumeak diskriminatzen jarraituko du”.
Abenduaren 28ko Aldizkari Ofizialean Espainiako Gobernuak, beste hainbat neurrirekin batera, urtebetez luzatu du industriako langileentzat salbuespen egoera errelebo kontratua hartzerakoan. Horren arabera manufaktura edo muntaia industrialetan aritzen diren langileek 2011 aurreko baldintzetan hartu ahal izango dute errelebo kontratua beste urtebetez. Horrela, industriako langileek enpresa berean 6 urteko antzinatasuna badute eta 33 urte kotizatuta badituzte, lanaldia %75 arte murriztu ahal izango dute 61 urte bete ondoren (60 mutualista izanez gero).
Emakumeen diskriminazioa
ELAk pozez hartu du lan nekezetan ari diren langileentzat berri ona dena baina, sindikatuaren iritziz, “erabat salagarria da bestelako sektoreetan ari diren langileek, oso nekezak diren bestelako lanetan ari direnek, horrelako aukerarik ez izatea”.
Ebazpenak bereziki emakumeak diskriminatuko ditu, “sektore industriala oso maskulinizatua baitago, eta salbuespenetatik kanpo utziko ditu fisikoki oso gogorrak diren hainbat lan, zaintza eta osasun arloan pertsonak mugituz lanean ari diren emakumeak, esaterako”.
Sindikatuaren ustez, Espainiako gobernuak “berriz ere autogintzako enpresa handien beharrei erantzuten die, langileen osasuna zaindu beharrean eta emakumeak oso lan gogorretan inongo laguntzarik gabe lan egitera kondenatzen ditu urte luzez lanean aritu arren eta 60 urtetik gorako adina izan arren”.