Donostiako Emakumeen Etxearen kudeatzaileek lokal handiagoa exijitzen dute euren jarduerak ondo burutu ahal izateko. Beraien esanetan, erabiltzen duten espazioa txikia eta desegokia da pandemiaren eskakizunengatik.
Komunikatu batean gogoratzen dutenez, “emakume askoren aldarrikapen-ahaleginei esker lortu zen” Emakumeen Etxea. Emakume horiek hirikoak zein probintziakoak ziren.
Mugimendu feministak (Emakumeen Etxea Elkartea-ren bitartez) eta Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak kudeatzen dute etxea. Bien arteko koordinazioa kogestio-organo baten bitartez egiten da. Goizean Udaleko teknikariak egoten dira eta arratsaldean elkarte feministako dinamizatzaile bat arduratzen da espazioaz. Emakumeen Etxea “oinarrizko eta funtsezko ekipamendua da hirian” gaur egun eta 1.626 bazkide ditu.
Villa Soroa
Duela hamaika urte, garaiko udal-taldeak Villa Soroa eraikina esleitu zien emakumeei, baina azkenean lagapena ez zen formalizatu eta 2.000m2 zituen eraikin horren ordez, era probisionalean 300m2-ko lokal bat utzi zieten Okendo kalean. “Ordutik, behin-behinekotasun egoeran eta espazio faltan gaude”. Espazio horrek ez dituela betetzen bertan egiten diren jarduerak eta eman beharreko arreta emateko ezinbestekoak diren baldintzak, adierazi dute.
Bestalde, Gipuzkoan eraikitzen ari diren Emakumeen Etxeek “berdintasuna lortzeko politika feministak eta indartze-politikak bultzatzeko benetako apustua erakusten dute”, haien ustez. Adibideak dira Astigarragakoa edo Zumaiakoa, handiak eta ederki ekipatuak.
Donostiako Emakumeen Etxeak gune zentrikoa, “beharren araberako tamaina eta beharrezko baliabideekin hornitutakoa, gaurkotasunari eta baita etorkizunari begira” egindakoa, izan behar duela aldarrikatzen dute. “Leku segurua emakumeentzat” informazioa eta aholkularitza ematen jarraitzeko eta jarduerak antolatzeko, kontzientzia feminista bultzatzen jarraitzeko, berdintasun-politika publikoak sustatzeko eta indarkeria matxistari aurre egiteko”.
11 urte espazio egokia eskatzen
Eskakizuna ez da atzo goizeko kontua. 11 urte daramatzate Emakumeen Etxerako espazio egokia eskatzen, eta “Udalak beste erakunde batzuei lurrak eta ekipamenduak ematen dizkien bitartean, funtsezkoa den ekipamendua ukatzen digu guri”, deitoratu dute.
Haien aburuz, “Udalak ezin du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna babesten duela eta indarkeria matxistaren aurka borrokan dagoela esan, emakumeen etxea ukatzen jarraitzen duen bitartean”.
Horregatik, etxe handiagoa behar dutela azpimarratu dute eta ez dutela “aitzakia edo atzerapen gehiagorik” onartuko ohartarazi dute.