Finantza sektorea matxista, gizartearen isla da eta emakumeak diskriminatzen ditu. Finantzaz Haratago finantza etikoen sareak hori egiaztatzen duten datu batzuk jarri zituen mahai gainean duela gutxi antolatu zen Ekonomia Feministari buruzko VII. Kongresuan. Esate baterako, emakumeek % 20 aukera gutxiago dute banku bateko mailegu bat lortzeko eta munduko emakumeen % 42k ez du banku-konturik.
Horrek emakumeen probreziarekin (guztizkoaren % 70) eta soldata arrakalarekin (28,6%) zerikusia du batez ere, baina badago azpimarratzekoa den beste datu bat ere: bankuen exekutiboen % 4 baino ez dira emakumeak, nahiz eta Espainiako Estatuaren finantza erakundeetan langileen erdia izan.
Finantzaz Haratagok inguru hurbileko beste zifra harrigarri batzuk eman zituen kongresuan. Hain zuzen, 2011n, Estatuko maileguen % 8 baino ez ziren emakumeentzat izan. Eta 2000. urtean, emakumeen kreditu-eskaeren % 85 atzera bota ziren.
Kongresuan esan zutenez, finantza etikoen sarea desberdintasuna apurtzeko lanean ari da eta horretarako “zenbait urte daramatza genero-ikuspegia barneratzen dituzten finantzen alorrean egiten den lana bultzatzen, betiere ekonomia feministatik abiatuta, batez ere, esparru formalean egiten den finantza-hezkuntzan”. Orain hezkuntza-sisteman sartzeko ahalegina egiten ari dira eta horri begira poster bat egin dute.
Hauek dira tresna didaktikoaren puntu nagusiak:
Sistema kapitalista kolonial eta patriarkala
- Kapitalismoa ezin da mantendu arrazakeria kolonialik eta sexismo patriarkalik gabe.
- Borrokak antikapitalistak, antikolonialak eta antipatriarkalak izan behar dira aldi berean
Finantza Sektorea
- Oso maskulinizatua dagoen sektorea da.
- Finantza-entitateek joera merkantilista, etnozentriko eta androzentrikoak dituzte.
- Diruak balio aseptikoa du, ondorio ekosozialak, generokoak etab. ikusezin bilakatuz eta ezkutatuz.
- Kapitala eta bizitzaren arteko gatazka dago.
Finantza etikoak
- Nagusi den ekonomia-ereduaren aurrean, alternatiba dira.
- Gizarte eraldaketarako tresna dira.
- Jasangarria, bidezkoa eta parte-hartzailea den garapena bultzatzen dute.
- Ekonomia feminista eta finantza etikoen arteko lotura sustatzea beharrezkoa da, amankomuneko jarrerak dituztelako.
Ekonomia feminista
Subjektibotasun finantzarioa harreman pertsonal eta sozialetan ere sartu da, dinamika espekulatzaile eta berekoiekin.
Ekonomia feministaren tresnak
- Ekonomia feminista bizitza-egoeretatik abiatzen da. Ekonomia bizitzaren administrazioa da.
- Politikatik ekin behar diogu, ekonomiarekin zer nolako bizitza finantzatu nahi dugun definitzeko.
- Ekonomiaren ikuspegi hegemonikoa deseraiki behar da.
- Sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonial-arrazistaren dimentsioen inguruko hausnarketa egiten du ekonomia feministak, erresistentzia kolektiboak eta bizitza erdigunean jarriko duten alternatibak aktibatu eta elikatzeko.
- Eraldaketa gauzatzeko susmatu egin behar da: Ekonomia feministak zalantzan jartzen ditu sistema kapitalistak sortutako behar faltsuak, baita lan ordainduak soilik balioa duenaren ustea ere.
- Ekonomia feministak eskubide kolektibo gisa ulertzen ditu zaintzak. Pandemiak erakutsi du ekonomia patriarkala dela, berriro ere emakumeen eskutan egon direlako zaintza lanak.
- Eraldaketarako ariketa politikoak proposatzen ditu: Indibidualtasunetik kolektibotasunera, eta kolektibotasunetik indibidualtasunera, barne-koherentziaren beharra azpimarratuz.
- Krisiek amankomunekoa dena birpentsatzeko aukera ematen dute, eta pertsonak eta bizitza erdigunean jartzen dituen ekonomia feminista, sozial eta solidarioa oinarri hartzeko abagunea dira.
- Orain arte, finantzak feminismoetatik lantzeko aukerak landu gabe zeuden, baina Ekonomia Eraldatzaileen Munduko Foro Soziala (FSMET) antolatu ondoren ekonomia sozial eta solidarioaren eta ekonomia feministaren arteko zubiak eraikitzen ari dira
Finantza etikoen eta ekonomia feministaren arteko lotura
- Finantza etikoek izaera politikoa dute eta pertsonen askatasunen banaketa inklusibo eta bidezkoa sustatzeko konpromisoa dute. Finantza etikoak bizitzaren eta zaintza-espazioen jasangarritasunaren ikuspegitik gertuago daude. Haien kezka ez da irabaziak lortzea edota kapitala pilatzea.
- Konfiantzan, zaintzan eta bizitzaren jasangarritasunean oinarritutako logika eta harremanen baitan artikulatzen da finantza etikoen botere emantzipatzailea. Boterearen deskolonizazioa beharrezkoa da gaur egungo nagusitasun androzentriko eta kapitalistaz harago doazen ezagutza eta ekintzak ahalbidetzeko.
- Ekonomia feministaren eskemetan sakontzea eta ekonomiaren esanahi berriak sustatea exijitzen du finantza etikoen balio eraldatzaileak.
- Menperatze-kode patriarkalak eta diruaren eta harreman finantzarioen neutraltasun faltsua salatzen ditu.
- Genero-desberdinkeriak suntsitu eta eraldatzeko aukera izan daiteke finantza etikoen egitura finantza-sektorean edota bestelako sektoreetan.
- Genero-ikuspegia sustatu behar da finantza etikoen eremuan: Ekonomia feministak ezinbesteko ekarpena egin behar du finantza etikoetan. Bizitza erdigunean jartzearen ideia sustatu behar dute, horretarako politika eta ekonomiak sustatuz, finantza etikoek oraindik ere kapitalaren erreprodukzioaren baitan garatzen dutelako haien lana. Nahiz eta ideia desberdinak dituzten, nagusi den logika kapitalistan erortzeko arriskua dute.
- Ekonomia feminista emakumeen esperientziatik abiatzen da eta sistema konbentzionalaren diskurtsoa zalantzan jartzen du, ongizate-estatuari atxikitako paternalismoa arazo gisa ikusten du, familia-eredu burgesari buruzko susmoak ditu, gorputzak politizatzen ditu, etxea, zaintza, sexualitatea, erreprodukzioa etab. aldarrikatzen ditu… Bizitza hobeago baten aldeko ekonomia aldarrikatzen du, bizitzaren jasangarritasuna kontuan izango duena, bizitza erdigunean jarriko duena, eta, kapitalaren eta bizitzaren artean, bizitza aukeratuko duena.