XXK Colectiva elkarteko Amaia Pérez Orozco ekonomilari feministak, Silvia Piris Lekuonarekin batera, ‘Deribak, ongi bizitze feministarantz’ ikastaroa emango du hurrengo larunbatean Ondarroan, Jabekuntza eskolak antolatuta. Formakuntza goizean eta arratsaldean izango da 10:00etatik 19:00ak arte. Matrikulak 5€ balio du. Elkarrekin bazkaltzeko aukera ere izango da.
Etxelila Emakumin Topagunetik diotenez, “pertsona batek edo pertsona-talde batek gidatutako ibilalditzat uler dezakegu Deriba. Egun bat ematen dugu Deriba hori gidatzen dutenen bizitza markatu duten eguneroko espazioak zeharkatzen, taldeak bizitzaren, sistemaren eta alternatiben arteko loturari buruz egiten dituen galderei erantzuteko asmoz.”
‘Lea Artibai eta Mutrikuko Hitza’ri emandako elkarrizketan, Pérez Orozcok berak honela azaldu du ‘deriba’ zer den: “Galdera antzeko bat egitea modukoa da; eta horretarako ibilaldi bat egin bitartean lurraldea aztertuko dugu”. Prozesua denen artean egingo da, espazioa okupatuta eta gorputzak mugimenduan jarrita.
«Kulpak asko lotzen gaitu emakumeok eta kulpatik askatzeak norbere bizitzarako denbora berreskuratzea dakar»
Alternatiba feministekin zerikusia duten galdera batzuk proposatuko dituzte formatzaileek hasieran eta horien inguruan eztabaidatuko da. Ekonomilari feministarentzat, “alternatiba feminista hau subiranotasun feministaren barruan kokatzen da, eta, aldi berean, Euskal Herrian garatzen ari den mugimendu feministaren proposamenarekin bat egiten dugu”.
Helburua ongi bizitzea da eta horretarako “enpleguari zentralitatea kendu behar diogu” soldatarekiko dependentzia gutxiago edukitzeko. Pérez Orozcoren ustez, “burutzen ditugun lanek zentzu soziala eduki ditzaten saiatu beharko ginateke, gorputza eta lurraldea zaindu beharko lukete”.
Bizitzeko denbora
Bizitzeko denbora eduki beharko genuke eta horretarako “lan orduen murrizketa eskatu daiteke soldata galera barik, esate baterako”. Gainera, aldaketa pertsonalak ere eman beharko lirateke. “Diruarekiko mendekotasun gutxiago izan genezake, eta horretarako, kontsumismo erritmo handietan ez sartzea gomendatzen da”, argitu du.
Ahal den heinean, “sistemaren gurpiletik irtetea lortu behar dugu”, azpimarratu du, eta horretarako alternatiba kolektiboagoak garatu behar dira, esate baterako denbora pasa, besteenganako erlazioak, elkar topatzeko guneak… Hori guztia, Pérez Orozcoren iritzian, “desmerkantilizatzeko beste era bat da”.
Honetarako guztirako ezinbestekoa iruditzen zaio begirada feminista izatea, kulpatik askatuta. “Kulpak asko lotzen gaitu emakumeok, eta kulpa horretatik askatzeak norbere bizitzarako denbora berreskuratzea dakarrela uste dugu”.