Mundua emakumeen berdintasuna lortzetik urrun dago oraindik. NBE Emakumeak-ek familia eta emakumeen egoeran azken urtean egon diren aldaketak aztertu ditu eta, azpimarratu du, 25 eta 54 urte bitarteko emakumeen erdia baino ez dela “ekonomikoki aktiboa”. Ezkongabeen kasuan, hirutik bik egiten dute ordaindutako lana. Gizon ezkonduen artean %96 da ‘aktiboa’.
Nahiz eta, txostenaren arabera, emakumeen eskubideek aurrera egin duten azken urteotan eta familiak gero eta gehiagotan oinarritzen diren maitasunean, bizikidetza-taldeetan giza eskubideen urraketak eta genero-desberdintasun iraunkorrak egoten dira.
Familiak denetarikoak dira munduan. Patriarkatuak iruditerian sortutako eredua, alegia, familia nuklearra, ez da modelorik zabalduena. “Badakigu familia normala ez dela existitzen eta ez dela inoiz existitu”, esan zuen NBE Emakumeak-en zuzendari exekutibo Phumzile Mlambo-Ngcukak.
Familia guztien herena baino zertxobait gehiago (% 38) seme-alabak dituzten bikoteek osatzen dute; familia zabalak, beste senide batzuk barne hartzen dituztenak, % 27 dira. Guraso bakarreko familiak % 8 dira eta gehienetan emakumeak dira buru. Emakume horiek ordaindutako lana, seme-alaben hazkuntza eta ordaindu gabeko etxeko lana bateratu behar dituzte. Herrialde guztietan gero eta agerikoagoak dira sexu bereko bikoteek osatutako familiak.
Zenbait datu
Emakumeen egoerari dagokionez, beste datu hauek eskaintzen ditu NBE Emakumeak-en ikerketak:
–Ezkontzeko adinak gora egin du eta ugalkortasun-tasak behera eta emakumeek gero eta autonomia ekonomiko gehiago dute.
–3.000 milioi emakume eta neska bizi dira ezkontzaren bortxaketa esplizituki delitu gisa tipifikatuta ez dagoen herrialdeetan.
–Bost herrialdetatik batean neskatoek ez dituzte mutikoen oinordetza-eskubide berberak, eta beste batzuetan (zehazki, 19 herrialdetan), emakumeak legez behartuta daude senarrei obeditzera.
NBE Emakumeak-ek gizarte osoa premiatzen du familiak berdintasun- eta justizia-gune bihurtzera
-Garapen bidean dauden herrialdeetan bizi diren emakume ezkonduen heren batek gutxi gorabehera adierazi du bere osasunaren arretari buruz erabakitzeko ahalmen gutxi edo batere ez duela.
NBE Emakumeak-ek gizarte osoa premiatzen du familiak berdintasun- eta justizia-gune bihurtzera, emakumeek hitza eta jarduteko ahalmena izan dezaten, eta haien segurtasun fisikoa eta ekonomikoa bermatuta egon dadin.
Txostenean helburu hori lortzeko proposatzen diren gomendioetako batzuk honako hauek dira:
- Emakumeen segurtasun fisikoa bermatzea, emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeria-mota guztiak ezabatzeko legeak eta politikak ezarriz, eta indarkeriatik bizirik atera direnei justiziarako eta laguntza-zerbitzuetarako sarbidea ematea.
- Familia-legeak aldatzea eta erreformatzea, emakumeek aukera izan dezaten ezkondu nahi duten, noiz eta norekin ezkondu nahi duten erabakitzeko, beharrezkoa bada dibortziatzeko aukera izan dezaten, eta emakumeei familia-baliabideak eskuratzeko aukera eman diezaieten.
- Bikote heterosexualekin edo sexu berekoekin bizi diren emakumeen eskubideak babesteko elkarte-motak aitortzea.
- Zerbitzu publikoetan inbertitzea, batez ere hezkuntzan eta ugalketa-osasunaren arretan; horrela, emakumeen eta nesken bizi-aukerak areagotuko dira, eta emakumeek beren sexu-bizitzari eta seme-alaben hazkuntzari buruzko erabaki hobeagoak hartu ahal izango dituzte.
- Familiei eusten lagun diezaieketen babes sozialeko sistema integralen diseinuan, ordaindutako guraso-lizentzia eta haurrak eta adinekoak zaintzeko Estatuaren laguntza kontuan hartzea.