Irailaren 20an, ‘Larrialdi Feminista’

Durangoko Andereak biolentziaren kontrako elkarteak eta Batukandra elkarteak Estatuan irailaren 20rako “Larrialdi Feminista” izenpean egin den deialdiarekin bat egin dute eta ostegunetako elkarretaratzeei (Andra Marin, 20etan) aste honetan berriro ekingo diela jakinarazi dute.

Zer da Larrialdi Feminista? Estatuko plataformak dioenez, “uda honetan basakeria matxista bizi izan dugu. Aurtengo uztaila eta abuztua azken hamarkadako bortitzenak izan dira: hilketak, parrizidioak, emakumeen trata, pederastia, estortsioa, desagerpenak, ‘manadak’, bortxaketak… Terrore egoeran bizitzera bultzatzen gaituzte”.

“Ezin dugu Azaroaren 25era arte itxaron -uste dute feministek-. Ezin dugu ikasturte berria hasi ezer gertatuko ez balitz bezala. Injustiziaren aurrean, zanpaketaren aurrean, mugimendu feministak prest dagoela beti erantzun irmoa emateko erakutsi nahi dugu”.

Horregatik, herritar guztiei eskatzen die Larrialdi Feministarekin bat egin dezaten eta kaleak eta gaua argi moreaz betetzea irailaren 20an. Proposatzen dutena da, hain zuzen, manifestazio bat gauez egitea argi morea piztuta. “Eraman dezagun argi morea kandeletan, mugikorretan, linternetan… Irten gaitezen kaleetara feminismoz betetzeko ikus gaitzaten eta ez garela beldur adierazteko”, diote.