Zinegoakek, Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak, bere 20. urteurrena ospatuko du hainbat berrikuntzarekin. Lehen aldiz, jaialdiak bere datak mugituko ditu eta ekainean ospatuko da otsailean eta martxoan egin beharrean, orain arte bezala.
Horrela, Zinegoakek bat egingo du Ekainaren 28ko aldarrikapenekin, eta kultur programa bat antolatuko du hiri osoan zehar ekainaren 26tik uztailaren 1era: filmen emanaldiak, antzezlanak, gogoeta guneak, eztabaidak, topaketak, hitzaldiak eta festaren bat. Zinegoak inaugurazio ekitaldiarekin hasiko da aurten ere, Arriaga Antzokian, eta gainerako jarduerak jaialdiaren ohiko egoitzetan egingo dira.