Zinebik parekotasuna lortu du aurtengo edizioan

Zinebi Bilboko dokumentalen jaialdiak parekotasuna lortu du aurtengo edizioan. Izan ere, 41 herrialdetako 123 filmek hartuko dute parte eta erdia baino gehiago emakumeek zuzendu dituzte eta Estatuan estrenaldiak dira.  Vanesa Fernández da jaialdiaren arduraduna.

(H)emen ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoko emakumeen elkarteak hamar euskal emakumeren  lanak ikusteko aukera egongo dela iragarri du. Itziar Orbegozo, Maider Oleaga, Elena Molina Merino, Raquel Calvo Larralde, Ana Serna, Paula Iglesias, Irati Gorostidi, Clara Rus, Maddi Barber eta Ainhoa Urigoitia dira.

Oleagaren ‘Kinka’ (fikzioa) eta Calvoren eta Molinaren ‘Yungay 7020’ (dokumentala) datorren ostiralean, 12an, inaugurazio galaren amaieran ikusi ahal izango dira.

Zinebik zuzendari batzuen ibilbidea eta dimentsio artistikoa aitortzen ditu Mikeldi sariaren bidez. Aurten Margarethe von Trotta eta Imanol Uriberi emango zaie.

On-line Filmin-en

Von Trotta aktore, gidoilari eta zuzendaria Alemaniako Zinema Berriko ahots femenino indartsua izan zen.  Bere lanean 68ko iraultzaren ondorengo Europako gizartean emakumearen ahalduntze gero eta handiagoa islatzen jakin zuen. Zinemaren historiako zinemagile feministarik eraginkorrena da.

Zinebi, aurten ere, jaialdi hibridoa izango da. Bilboko zuzeneko emanaldiez gain, film luze eta laburrak online ere egongo dira ikusgai Filmin-en. Plataforma birtualean eskuragarri egongo diren titulu guztiak, jaialdiaren programazio presentzial oro bezala, euskaraz  azpidatzita egongo dira.