Donostiako Askabide klinikako langileak eta pazienteak jazarka ari dira egunotan, ’40 dias por la vida’ lelopean, garizumarekin batera, abortatzeko eskubidearen aurkako kanpaina egiten ari baita talde bat.
Larunbat arratsaldean prozesio bat egin zuten erdialdean, eta Askabide klinikara iritsi zirenean abortatzeko eskubidea defendatu eta klinika babestera joan ziren herritarrekin egin zuten topo. ‘Gora borroka feminista’ eta ‘Alde hemendik, utzi bakean’ oihuak ozen entzun ziren prozesioa iritsi zenean.
Prozesioaren buruan hainbat gizon iritsi ziren, eta egurrezko gurutze handi bat zeramaten. Neska gazteak ere baziren prozesioan. Klinikaren aurrean bildu ziren eta, belauniko, errezatzen hasi ziren.
Erasoa
Tentsio uneak izan ziren, eta Ertzaintzak klinikaren espaloira joatera behartu zituen abortuaren eskubidea defendatzera joan ziren herritarrak.
Duela gutxi, abortuaren aurka protesta egiten ari zen gizon batek Amarako bizilagun bati eraso egin zion.
Abortatzeko erietxe batera joaten diren emakumeei jazarka aritzen direnak zigortzeko legea onartu zuten Espainiako Kongresuko osoko bilkuran joan den otsailean. Izan ere, abortatzeko eskubidearen kontrako hainbat elkartek protestak egin ohi dituzte zentro horien atarian; bada, horiek zigortzeko legea da Kongresuak onartu zuena. Espainiako Senatura eramango dute lege proiektua, azken tramiteak egiteko.
(Berri hau Irutxulo Hitzak argitaratu du)