Indarkeria matxistak hamaika aurpegi dituela sarritan salatu izan dugu Mugimendu Feministako eragile eta kideok. Askotarikoak dira hartzen dituen formak egoera, lurralde eta gorputz bakoitzean, eta irakurketa honen bidez Euskal Herrian urte luzez gertatutakoa salatu eta gogora ekarri nahi dugu, tortura sexistarekin gertatutakoa, hain zuzen ere. Urte luzez Espainiako eta Frantziako estatuen funtzionario diren gorputz polizialek sistematikoki egindakoa, eta hori ere indarkeria matxistaren aterkipean kokatu behar dugu.
Ukapena eta desitxuraketa. Gertatutakoa ukatzea eta salaketak desitxuratzea izan da Frantziako eta Espainiako Estatuek urteetan erabili duten estrategia. Baina, badakigu arrazoi politikoak medio jazartuak izan diren emakumeen* aurka sistematikoki aplikatu izan dela tortura. Eta torturaren erabilera ere estrategia bat izan da, izuaren bidez kontrol soziala lortzekoa, besteak beste.
Irakurketa hau babesten dugun eragileok eta norbanakook, gure elkartasun eta babes osoa adierazten diogu Iratxe Sorzabal Diazi. Izan ere, bere torturatzaileen aurkako salaketa jartzea erabaki du kasua berriro irekitzeko eskatuz.
Iragan otsailean eta martxoan Iratxek izandako epaiketetan, absolbitua izan zen berak jasandako torturak onartu eta aitortu zirelako, eta beraz, onartutako autoinkulpazioak torturaren ondorio izan zirela ebatzi zelako. Ordura arte, auzitegi batek inoiz eman gabeko epaia izan zen. Hori horrela izanik, eta Giza Eskubideen Behatokiak adierazi bezala, onartezina da torturak egiaztatuak izan direnean, epaitegi penal baten aldetik torturatzaileak nortzuk izan diren jakiteko ikerketarik martxan ez jartzea. Are gehiago, Nazio Batuek ezartzen dute ezin dela preskripzioa eskatu tortura kasuak judizialki ez ikertzeko. Torturaren ondorioak iraunkorrak direlako, eta, beraz, eragin zituen delitua ere halakoa delako.
Argi dugu kontrol politiko eta patriarkalerako estrategia gisa torturatuak izan direla historikoki emakume* eta kide ezkertiar independentistak, eta biolentzia bikoitza jasaten dute euskal emakume* preso politikoek oraindik ere: emakume* izateagatik eta disidentzia politikoagatik. Misoginiaren eragina oso nabarmena da sistema judizialean, polizia-etxeetan eta espetxe-sisteman. Eta, beraz, inkomunikazio-aldian oso presente egoten dira bi aldagai horiek tortura politiko sexualaren adierazpenetan: eraso sexualen mehatxuak, biluzik egindako galdeketak, ukituak, orientazio sexuala zalantzan jartzea, bortxaketak, tortura psikologikoak, isekak eta irainak edota militante politiko gisa jasandako gutxiespenak.
Eraso horiek patriarkatuaren oinarria den sexu bereizkeria indartzea dute helburu, eta emakumeen* osotasun fisikoan eta psikologikoan dute eragin zuzena. Emakumeen* aurkako indarkeria matxistaren beste adierazpen bat da tortura, urte luzez estatuek babestua. Horrek zerikusia du justiziaren zentzu patriarkalarekin eta agerian geratzen da justiziaren aplikazio osoan: prozesuetan, atxiloketetan, kondenetan, etengabeko epaiketetan…
Tortura, emakumeak* partaidetza soziopolitikotik aldentzeko tresna gisa erabiltzen da, ezker independentismoan emakumeek* konpromiso politikoa hartu dute eta partaidetza hori espezifikoki eta bereziki zigortua izan da emakume* militanteen kasuan. Ez soilik iraganean, egun ere hala izaten jarraitzen du.
Torturapean egindako deklarazioak froga gisa erabili izan dira makina bat epaiketetan eta horrek prozesuak luzatu ditu, gehienetan. Finean, hori ere bada tortura aplikatzeko beste modu bat. Iraganeko mamua izatetik urruti, gaur egun ere aski nabariak dira torturaren ondorioak Euskal Herrian, eta torturapean egindako deklarazioengatik jarraitzen dute oraindik espetxean hainbat euskal preso politikok.
Tortura politiko sexualak jasan dituzten emakumeak* eta hauen egoerak aintzat hartu behar dira bakearen eta justiziaren aldeko borrokan. Bada, ezinbestekoa da mugimendu feministak auzia mahaigaineratzea memoria kolektibo baten aldeko bidean eta Euskal Herriaren eraikuntzan, gaurtik hasi eta etorkizunera begira. Memoria ariketa egitea orainari eta etorkizunari begiratzea ere badelako. Gaur, inoiz baino gehiago, konpromisoa hartu behar dugu egiaren, justiziaren eta erreparazioaren alde borrokan jarraitzeko. Askotarikoak dira torturak utzi eta uzten dizkigun ondorioak, eta horiei aurre egiteko eta osatze prozesuak ahalbidetzeko baliabide eta baldintzak eskuratu behar ditugu. Prozesu horiek politizatuz eta ekarpen eta afera politiko gisa ulertuz.
Iratxe, guk sinesten dizugu! Lanean jarraituko dugu torturak jasan dituzten euskal emakume* militanteen erreparazio osoaren alde. Justizia, memoria, aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak.
Minak eta egiak aitortuz, feminismotik herria osatu! Adierazpen hau honako eragile hauek sinatzen dugu:
- Euskal Herriko Bilgune Feminista
- Euskal Herriko Gazte Feministak
- Indarkeria sexistaren aurkako emakumeon plataforma (Iruñea)
- Emakumeon* Mundu Martxa
- Steilas
- LAB
- ESK
- ELA
- Torturatuen sareak
- Egiari zor



