Carlos Salvador (UPN) Hezkuntza, Berdintasun eta Kultur Aniztasun batzordeko buru izango da Iruñean. Mugimendu feministaren ustez, izendapena “aurrez aurreko erasoa da borroka feministarentzat eta berdintasunaren alorrean herritarrek izandako lorpenentzat”.
Bilduk eta Geroa Baik osatutako udal oposizioak azpimarratu dutenez, “Salvador politikari ‘ultra’ da, emakumeen eta LGTBI kolektiboaren eskubideak zalantzan jartzen ditu eta abortuaren aurkako militantea da”. Gogor kritikatu dute alkate andrea Cristina Ibarrolaren erabakia.
Mugimendu feministak ohar batean gaineratu duenez, «Hazte Oir erakunde ultrak saritu duen Carlos Salvador ez da nekatu mugimendu feminista eta gure bizitzak askatasunetik eta inoren menpean egon gabe bizitzea erabaki genuen emakumeak mespretxatzen, umiliatzen eta iraintzen”.
“Edozein aurrerapen minimoren aurka publikoki agertu da”
Sailburu berriak, Skolae hezkidetza programaren eta emakumeentzako edozein aurrerapen minimoren aurka publikoki agertzeaz gain, “emakumeek lortutako giza eskubide oinarrizkoenetako baten aurka egin du: gure gorputzei buruz erabakitzeko eskubidearen aurka. Gertaera hori bereziki gogorra da abortua despenalizatzearen aldeko borrokan ibilitako eta errepresioa gogor bizi izan zuten emakume nafarrentzat”.
Kritika alkateari
Feministen ustez, izendapen hori ez da kasualitatea, eta Cristina Ibarrolaren asmoen adierazpen argia da. “Erabaki horrekin, Iruñeko alkateak ez du betetzen inbestidura-saioan emandako hitza, herritar guztientzat gobernatuko zuela esan baitzuen eta, gainera, oso argi utzi digu herritarren erdiaren aurka egingo duela», dio idatziak.
Mugimendu Feministak ziurtatu du bere helburuak oso argi dituela eta ez dituela bere aldarrikapenak eta eskaerak gutxituko. Zehazki, aurrera begira, “ez gaude prest berdintasunaren alorrean atzerapausorik egiteko. Beti esan dugun bezala, haien inposaketa, emakumeen askatasunaren aurkako eraso eta haien asmo gaiztoei aurre egingo diegu”, diote.
Astelehen Lilak elkarteak eta Iruñeko peñek sinatu dute oharra. Carlos Salvadorri Berdintasunaren ardura emateak kezka handia sortu die udal politikak har dezakeen noraezari dagokionez. “Emakumeen aurkako Indarkeriari Heltzeko talde iraunkorrean parte hartzen dugun erakunde feministok erabat konprometituta gaude orain arte egindako lanarekin”, azpimarratu dute.