Nemonte Nenquimo, Amazoniako líder waorani, urteko pertsonaia ‘Time’ aldizkarian

Nemonte Nenquimo, Amazoniako líder waorani urteko pertsonaia izendatu du ‘Time’ aldizkariak.  Aitorpena garrantzitsua da, zerrenda oso ospetsua delako eta publizitate handia lortzen duelako. Gainera, jatorrizko herrietako emakumeei errekonozimendua ematen die lurraren defentsan.

2019ko maiatzean epai batek arrazoia eman zien waoraniei petrolio-konpainiekin zeukaten auzian. Horren ondorioz 200.000 hektarea baso petrolio esplotazio eta patriarkatu kapitalistak dakartzan kalteetatik libre geratu ziren. Epaia historikoa izan zen, ez bakarrik Amazoniaren lurraren defentsan aritzen diren taldeentzat, baizik eta lurra defendatzen duten herri guztientzat.

Leonardo Di Caprio aktore ospetsuak eta ingurumen-zaleak waorani liderrari hitz hauek eskaini dizkio ‘Time’ aldizkarian bertan:

Iaz, Amazonas ibaia gehiago ezagutzen zen erretako hektareengatik salbatutako hektareengatik baino. Baina Nemonte Nenquimo Pastazako Waoranitarren presidenteak eta Ceibo Aliantzaren sortzaileetako batek aurkeztutako salaketa argi izpi bat izan zen. Epai historiko horrek Ekuadorko waoranitarren antzinako etxea berehalako suntsipenetik babesten du. Gainera, mundu osoko komunitate indigenei itxaropena ekarri die, sarriegi zailtasun ikaragarriei aurre egin behar izaten baitiete.

Nemontek grinaz bizi du borroka, eta berarekin elkarrizketa bat izateak bere asmoen irmotasuna adierazten du. Gogoan dut behin esan zidala ez zuela amore emango. Borrokan jarraituko zuela. Maite duen basoa industrietatik eta hura irensten zuten petrolio konpainietatik defendatzen jarraituko zuela.

Bere hitzari eutsi dio, eta bere komunitatearen ahots eta defendatzaile izaten jarraitzen du. Nemonteren kausa gure kausa da. Bere ondoan ibiltzera inspiratzen ditu, bere mugimenduak hazten jarraitzen duen bitartean. Zorionekoa naiz ezagutu dudalako, eta are zoriontsuagoa berarengandik ikasi dudalako.