Miren Agur Meabe idazleak ´Quema de huesos´ eleberria aurkeztuko du eta FIL Guadalajara azokaren egitarau ofizialeko hainbat ekitalditan hartuko du parte, baita azokaren harira Jaliscon antolatutako jarduera paralelo batean ere. Sektoreko ekitaldi garrantzitsuenetako bat da, eta urtero ehunka egile eta milaka profesional eta irakurle biltzen dituen iberoamerikar literaturaren hitzordu nagusia.
Consonnik argitaratua, ´Quema de huesos´ euskal literaturaren munduan ibilbide luzea egin duen idazle baten azken lana da, berak itzulia. Eleberriak kontatzen du heldutasun betean dagoen emakume batek oroitzapenetan — eskola-egunak, familia-giroa, jolasak, nerabezaroko jarduerak… — bere nortasunaren aztarnak nola bilatzen dituen.