Maurizia Aldeiturriaga pandero-jotzaileari omenaldia egingo dio dokumental batek

Frankismoaren garaian emakumeek oso mugatuta zeukaten mugitzeko askatasuna eta hitza hartzeko aukera. Hori dela eta, plaza batean andra bat protagonista izatea ekintza iraultzailea zen. Maurizia Aldeiturriaga pandero-jotzailea eta abeslaria horren erreferentea izan zen.

Bere ekarpena eta garrantzia nabarmentzeko ‘Aire!’ dokumentala egiten ari dira eta finantzatzeko  gaur amaituko den diru-bilketa kanpaina jarri dute martxan Verkami plataforman.

Marmoka Films eta Bideografik ekoiztetxeko kideek adierazi dutenez, “30 urte baino gehiago igaro dira Maurizia Aldeiturriaga hil zenetik, eta badirudi ahaztu egin dugula. Belaunaldi askok nostalgiaz eta nolabaiteko aldarrikapenez gogoratzen dute bere garaiko molde eta estereotipoak hautsi zituen emakume haren musika eta nortasuna”. Bere garairako oso aurreratua zegoen emakumea izan zen, berak ere jakin ez arren.

Filmaren asmoa Maurizia nor izan zen azaltzea, bere ondarea gizartean zabaltzea, eta gure kulturari zer ekarpen egin zion gazteei ezagutaraztea da.

Historiako liburuetan gizonen izenak dira nagusi. Maurizia bezalako emakume indartsu eta kementsuek egindako lana, ordea, askotan ahaztua izan da, emakume izate hutsagatik.

‘Aupa Maurizia!’

Emakumearen askatasuna oso mugatua zen garai batean, gizonak ordezkatu zituen, Euskal Herriko plaza nagusietan kantatuz, eta Mauriziak eredu berri bat sortu zuen emakumeentzat, bere garaiko ikono izanda. Ez da kasualitatea bere buruari “Aupa Maurizia!” esaten zion esaldi ospetsua jendearen oroimenean grabatuta geratu izana.

Mauriziaren bizitzan ezinbestekoak ziren musika, panderoa, konposizioa eta letrak. “Beraz, dokumental honek musika generokoa ere izan behar zuen”, azpimarratu dute ekoizleek.

Hainbat leku eta kulturatako gazte talde batek musika pieza bat sortuko du. “Sormen prozesu hori da gehien interesatzen zaiguna eta horixe izango da filmaren ardatza, betiere haren bizitza eta lana erreferentziatzat hartuta”.

Konbentzituta daude Mauriziaren espirituak bizirik dirauela, inoiz baino gehiago, eta bere ondarea gizartean zabaltzeko garaia iritsi dela. Eta ulertzen dute dokumentalak “mugak gaindi ditzakeela eta gainditu behar dituela, ziur baikaude ‘Maurizia’ asko daudela munduan, baina bat bera ere ez dela guk ezagutzen duguna bezalakoa”.

Maurizia Zeberioko baserri batean jaio zen 1904an. Sei neba-arrebatatik gazteena zen. Auñamendi enziklopediak zera azaltzen du: Ume asko morroi joan ohi zen sasoi hartan. Mauriziaren kasuan ere bai, Basurtun ibili zen-eta neskame, ahizpa batekin.

Musikarako sena eta ezkutuko afizioa

Musikarako sena goiz piztu zitzaion. Txiki-txikitatik danba botatzen zituen bertsoak, entzundakoak oso ondo harrapatzen zituen eta. Maurizia Aldeiturriaga pandero joleak eta musikariak oro har ‘jaio’ egiten ziren garaiko ordezkaria da. Orduan ez zegoen irakaslerik. Horregatik bere perfekzioa eta freskotasuna imitatu ezinezkoak dira.

Hamabi urte eskasekin hasi zen plazetan panderoa jotzen Maurizia, Joakin Goti zeberioztarrarekin. Miraballesgo Fabrica de Hilados-en ibili zen lanean, geroago. Kantuan egiten zuen Zeberiotik lantegirako joan-etorria. Urte asko geroago aitortu zuen moduan, ordea, bere gelan gordeta praktikatu behar izaten zuen teknika, isilka, igande arrastietan, emakumea izateko ogibide txarra aukeratu zuela-eta.