Idazle gazteentzat oso zaila izaten da euren lanak ezagutaraztea, are gehiago euskeraz jarduten dutenean. Arazo horri aurre egiteko hainbat literaturzalek eta idazle gaztek ‘Liberoamérica’ egitasmoa jarri zuten martxan duela bi urte Bartzelonan. Orain ‘Liberoamerika’, euskal idazleentzat euskarazko bertsioa, dator eta idazle gazteak bilatzeko bi deialdi egin dituzte.
Liberoamérica 2017ko maiatzean jaio zen Urquinaonako kafetegi batean. Orduan aldizkari digital moduan sortu zen, hedabide kultural handietan argitaratzeko aukera ez zuten idazle gazteen idazlan kritikoak plazaratzeko. Esparru transozeaniko, libre, gazte eta kudeaketa kolektibokoa zen.
Olerkia eta feminismoa
Handik hilabete gutxira Latinoamerika, Portugal eta Estatu Espainarreko 500 idazle gazteren lanak argitaratu zituzten. Oso arrakasta handia lortu zuen ekimenak. Jarratzileak ere laukoiztu egin ziren. Bultzatzaileek olerkia eta feminismoa zituzten xede. Hori dela eta emakume idazleen antologia bat egitea erabaki zuten. Horretarako laguntza eskatu zieten Argentinako eta Uruguayko argitaletxe independienteei. Akordioa ezinezkoa izan zen eta 2018ko martxoan bi herrialde horietan ‘crowdfunding’ kanpaina baten bidez Latinoamerika, Portugal eta Estatu Espinarraren 84 emakume gazte olerkariren antologia argitaratzea lortu zuten.
2018ko abuztu eta irailaren artean, beste ‘crowdfunding’ bat egin zuten Estatuan eta Bolivian eta ‘Liberoamericanas’-ek 141 emakume gazteren lana aurkeztu zuen. Gainera testuak, gastelaniaz gain, katalanez, galegoz, euskaraz eta portuguesez idatzita zeuden. Antolatzaileen iritzian, “Iberoamerikako poesia gazte garaikidearen antologia handiena da”.
Bi deialdi Euskal Herrian
Ekimena Euskal Herrira etorri da orain, ‘Liberoamerika’ izena hartuta, Leire Alonso (24 urte) eta Iosune de Goñiren (25 urte) gidaritzapean. Euskarazko literatura kaleratu nahi dute. Hori dela eta, bi deialdi zabaldu dituzte, bata poema-liburuak argitaratzeko eta bestea idazle gazteen literatur bilduman parte hartzeko. Biak euskal idazle gazteei bideratuta daude.
Goñik eta Alonsok azaldu dutenez, “proiektuak literatura berria du xede, bai idazle gazte eta ezezagunen lana kaleratze aldetik eta baita literatur genero berriak lantze aldetik ere. Eginiko lehen deialdia euskarazko antologia bat kaleratzeko asmoari lotua da, eta bigarrena euskal idazle gazteen banakako lanak argitaratzeko”. Oinarriak ikusteko klikatu hemen.
Iosune de Goñi eta Lerie Alonso eragileak
Eragile biek ‘Liberoamérica’ egitasmoaren parte aktiboa izan dira. Iosune de Goñik, idazle eta argazkilariak, Filosofiako Gradua amaitu ostean, Artea, Literatura eta Pentsamenduari buruzko Ikasketa Konparatuen masterra egin zuen Bartzelonan. Han ezagutu zuen ‘Liberoamérica’. Kolaboratzaile bezala hartu zuen parte proiektuan eta ‘Liberoamericanas’ edizioarentzat euzkarazko testuak aukeratu zituen.
‘Liberoamérica’ Euskal Herrira zabaltzea erabaki zenean De Goñiri editorea izateko proposamena egin zioten. Baietz esan zuen. Gero Euskal Herrian bigarren editore bat sartzeko beharra ikusi zutenean berak Alonsori luzatu zion gonbidapena.
Leire Alonsok Matematika Gradu ikasketak egin zituen eta egun Bigarren Hezkuntzako Irakaskuntza Masterra eta Viola de Gamba ikasketa profesionalak egiten dabil Salamancan. Lehiaketetan ezagutu zuen Iosune institutu garaian eta gero zenbait literatura proiektutan hartu dute parte, batzuetan elkarrekin. ‘Liberoamérica’ko antologiaren bigarren edizioaren partaidea izan zen.