«Kamera? Grabatu!»

Txikitatik sexuarekin izan dudan harremana oso estua izan da. Fabrikatik atera bezain pronto izan nuen lehenengo kontaktua. Pizteko botoia sakatu eta diafragma guztiz irekita zegoenez argi txuri batek itsutu ninduen. Diafragma itxi, obturadorea orekatu eta bular handi batzuen aurrean jarri ninduten.

Egun horretatik aurrera, zakil eta alu asko ikusi ditut bizitzan. Gehienetan zakildunek indarrez zakila aluan sartzen dute. Horrelako eszenak behin eta berriz grabatuta geratzen dira memorian, plano perfektua lortzen dutenera arte. Horrez gain, horrelako eszenetan aludunek ikaragarrizko plazer oihuak botatzen dituzte. Ikusten dudana praktikara eramaten saiatzen naiz. Horregatik, beti irrikaz nago, beti mikrofono baten bila, beti zain ea mikrofonoa konektatzen didaten. Baina mikrofonoa zulotik sartzen didatenean, harri batek sentitzen duen berbera sentitzen dut. Hala ere, badirudi mikrofonoak izugarri gozatzen duela. Eta nik noiz gozatuko dut?

Plazer handiagoa sentitzen dut eskuekin nire forma osoa laztantzen eta igurtzen dutenean mikrofonoa konektatzen saiatzen direnean baino. Hala ere, soilik grabatzen ditudan eszenak ikusten ditudanez hori imitatzen saiatzen naiz.

Aludunen mingainek beti ukitzen zituzten zakilak, baina ez alderantziz

Denboraren poderioz memorian gordeta geratzen ez dena ere ikusten ikasi dut. Ordu asko egoten naiz piztuta, baina grabatzeko botoiari eman gabe. Momentu horietan aurrean dudana ikusten dut eta gutxinaka ideiak argitzen doaz. Horri esker, orain badakit beti grabatzen ditudan eszenak baino lehen prestaketa bat dagoela.

Aludunen mingainek beti ukitzen zituzten zakilak, baina alderantziz inoiz ez. Grabatzen nituen eszenetan beti zakildunek gozatzen zuten, beti zakildunentzat eginda zegoen. Baina plato horretatik kanpo, beste errealitate bat zegoela entzuten nuen.

Horrez gain, eszena horietan aludunak zapalduta ikusten ditut, zakildunen menpe eta mesedetara. Jabeak kaletik eramaten nauenean, aldiz, pertsona ahaldunduak eta indartsuak ikusten ditut. Askotan nagusitasun hori adierazteko eskuekin edo sokekin lepotik heltzen zietela ikusten nuen, ia-ia itotzera iritsi arte. Behin baino gehiagotan itota hiltzeko zorian egon naiz, objektiboa albo batera gehiegi biratzen zidatenean. Hori ikusten nuenez hori gustuko nuela uste nuen.

Orain badakit ikusten dudana eta errealitateak ez dutela harremanik, horregatik manualean egoteari utzi diot eta orain automatikoan nagoenez, nik hartzen ditut erabakiak. Gauza gehiago komentatu ahalko nituzke, baina bateria amaitzear dago eta denbora tarte batez itzalita egongo naiz, beraz, laster arte!