“Minduta, nazkatuta beldur izateak eta amorruak eragiten digun indarrarekin iritsi gara azaroaren 25era”, dio Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Arrazoia, pairatzen ari garen “jendarte eredu jasangaitza” eta horrek dakarren emakumeen kontrako indarkeria.
Aurten, ofizialki, 5 emakume erail dituzte Euskal Herrian. Komunikatu batean adierazi dutenez feministok, “etxeetan zein kalean jasan izan dugun biolentzia izugarria da. Ehunka eta ehunka dira LGTBIQ+ kolektiboaren kontrako eraso, gorroto eta diskurtso eta sexu orientazioagatik zein genero identitateagatik ematen diren bazterketak ere”.
Bortizkeriaren aurrean, “politika feministak, prebentzioan sakontzeko baliabide pedagogikoak eta jendarte osoaren ardura hartzea” behar da, haien ustez. “Erakunde konprometituak behar ditugu eta ez morez mozorroturiko adierazpen instituzional, elkarretaratze eta argazkiak”, diote.
“Benetako neurri eraginkorrak” exijituko dituztela eta ez dutela “aurrekonturik gabeko berdintasun politika hutsalik onartuko, ezta zerbitzu publikoen prekarizaziorik ere”, aurreratu dute komunikatuan.
Gainera, “Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta instituzional bakoitzak ildo horretan lan egitea” eskatu dute, “indarkeria matxistarik gabe bizitzea gure eskubidea baita”.
Boteretze kolektiboa
Izan ere, “gaurkoan indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain!” nahi dutela ohikatu dute eta “autodefentsa feminista antolatu baten aldeko aldarria egiten dugu gure bizitzak defendatzeko, ikasi ditugun aurauak zalantzan jartzeko, indarkeria zein errealitate ezberdinei modu indibidualean eta kolektiboan aurre egiteko”, azpimarratu dute.
“Boteretze kolektiboaren aldeko hautua” ere egiten dute, kaleak hartuta eta ”gureganatu nahi ditugun espazioen jabe eginda berriro”.
Mugimendu Feministak bost manifestazio antolatu ditu gaurko: Baionan (18:00, Moracin plazan), Bilbon (19:30, Jesusen Bihotzan), Donostian (19:30, Bulebarren), Gasteizen (19:00, Iparralde Gizarte Etxean) eta Iruñean (20:00, Baluarten) egingo dira.