Miren Amuriza bertsolariaren lehen eleberria, ‘Basa’, apirilean argitaratu zen. Interes handia piztu du eta horren froga dira ordutik hona egindako aurkezpenak. Hainbeste joan-etorrirekin ez duela ia denborarik izan liburua irakurtzeko, dio. Azkenetako agerpena Marisa Barrenak zuzentzen duen Andraguneko irakurle taldeak antolatutakoa izan zen Durangon. Bertan Maite Berriozabal gai jartzaileak elkarrizketatu zuen.
Nobelak emakume bat du protagonista, andra baserritar adindua, Sabina izenekoa. Etxekoandrea da, langilea, tematia, gogorra, zakarra. Henry koinatua, mutil zaharra Ameriketan artzain ibilitakoa, zaintzen du. Protagonistari ebakuntza txiki bat egin diote eta bat-batean bere burua ere mugatua ikusi du. Hor dago nobelaren gatazka.
Amurizak urrunekoa du Sabina adinez eta bizimoduz, baina hurbilekoa era berean, bi amamak baserritarrak izan direlako eta eurekin eta lagunekin txikitan denbora asko eman zuelako.
‘Matriarkatua’ eta zaintza
Zergatik aukeratu zuen protagonista hori eta harreman familiarren gaia? Helburua emakume mota hori irudikatzea zela azaldu du. Harrigarria, bitxia iruditzen zitzaion emakumea, hain zuzen. Eta haren bueltan sortu ziren inguruko beste pertsonaia eta elementu guztiak.
Feminismoarekin lotutako gaiak agertzen dira. Esate baterako, ‘matriarkatua’ eta zaintza. “Feminismoak naizen guztia eta egiten dudan guztia zeharkatzen du. Hortik begiratzen dut mundua eta filtro horretatik pasatuta saiatu naiz istorioa paperera eramaten”, azpimarratu du Amurizak. Hori bai, begirada zeharkakoa izan da. Izan ere, bi obsesio izan ditu liburua idaztean: lehena, pertsonaien sinesgarritasuna, estereotipoetan ez jaustea, eta bigarrena planfletorik, diskurtsorik ez egitea. Gaiak eta pertsonaiak hitz eta ekintzen bidez aurkeztu dizkigu. Metafora asko ere badaude eleberrian giroa eta pertsonaiak irudikatzeko.
Batek baino gehiagok esan dit protagonistarengan ama edo izeko edo aita ikusi duela eta nire kezka nagusia horixe zen: sinesgarria izatea
Maite Berriozabal: Nobela argitaratu eta gero zeurea izatetik denona izatera pasatu da. Badaukazu berba bat prozesu hori deskribatzeko?
Miren Amuriza: Berba bat topatzea gatxa da. Baina bat topatu behar banu tentsioa izango litzateke, beharbada. Liburua idazteko prozesua oso bakartia izan da niretzat, idazle lana berez bakartia delako eta nik neuk ere bakardadeari joera daukadalako. Prozesu hori izan da nolabait urpean sartu eta hor zoaz aurrera eta behera zure burbuilan sartuta eta momentu batean hain sartuta zaude zeure lanean, zeure historioan, ezen ez dakizun burua uretatik kanpo ateratzen duzunean Lekeition edo Hendaian agertuko zaren. Munduaren koordenadak galtzera ailegatu zaitezke. Urtebete hori horrela bizi izan dut eta bat-batean uretatik urten eta denak zuri begira daude. Informazioa tantaka etorri da baina ingurukoena eta ez hain ingurukoena ikusi ahala lasaitzen joan naiz batek baino gehiagok esan didalako protagonistarengan, Sabinarengan, ama edo izeko edo aita ikusi duela. Nire kezka nagusia horixe zen: sinesgarria izatea
M.B: Irakurri ez dutenek zer aurkituko dute ‘Basa’n?
M.A.: Liburu hau jertse bat da. Sabina protagonistak jertse bat jantsi du eta lotu ezinik dabil. Liburu hau lehertzear dagoen arropa dela esango nuke: tentsio handiko egoera bat gorputz bat inguratzen duena eta nolabait istorioan zehar tentsio hori ‘in crescendo’, gorantz doala ikusten da. Egitura aldetik lau planotan idatzita dago. Orainaldiko hari-narrazioa: Sabinaren, 84 urteko baserriko andra baten egunerokoa. Bigarren geruza: Sabinaren iraganeko zatitxoak umetan hasi eta gaur egunera arte. Hirugarren zatia da protagonistaren barne ahotsak eta gogoetak, kolorea eta indarra emateko protagonistari -Hori da trama nagusia-. Eta azkenik, kapituluetan banatuta lau zatitxoan kanpoko begirada batek nola ikusten duen baserri horren bueltan gertatzen ari dena.
M. B: Liburuan usainak eta irudiak diren modukoak igarri daitezke. Ez dago errealitatea asko edertzeko ahaleginik.
M.A: Bai, ahalegina horixe izan zen, ez dakit lortu dudan ala ez, baina idazten nenbilela forma ikusi nionean, argi ikusi nuen liburu trinkoa izango zela, laburra eta esentziaz basa. Eta basatasun horri justizia egiteko luzatzeak ez zeukan lekurik. Liburuan dauden elementu guztiak ahalik eta ondoen aukeratzen saiatu naiz. Pertsonaiak euren ekintzen bidez erakusten saiatu naiz, irakurle bakoitzak eraikitzeko eta epaitzeko. Beraz, pertsonaien mugimenduak eta nondik norakoak kontatzera mugatu naiz eta testuingurua ahalik eta modu zehatzenean deskribatzen saiatu naiz.
Basurde inguratua
M.B: Sabinaren ekosistemaren barruan animaliak agertzen dira eta liburu azalean ere basurde buru bat agertzen zaigu. Zer esan nahi duzu ‘basa’ kontzeptuarekin?
M.A.: Izenburua azken-azkenean ipini nion eta argi neukan berba bakarra eta indartsua izan behar zela liburuaren tonuarekin batera joateko. ‘Basa’k justizia egiten dio bai nobelaren giroari bai protagonistari. Horrek eta azaleko basurdeak tentsioa sortzen dute eta egia esan ikusi nuenean neu ere ‘pegaute’ gelditu nintzen: ‘Basurde hori bada Sabina momentu horretan bizitzen ari denaren adierazle’. Baserritarrentzat basurdea beti izan da mehatxua. Gizakiarekin kontaktua saihesten duen piztia. Sabina ere bada momentu horretan bere eragina txikitzen ari den basurde inguratu bat. Eta zer egingo du? Edozein animaliak egingo lukeena: eraso. Hortik basa eta basurde.
Andra basa da bortizkeria eta indar guztia gainean darabilen emakumea. Basandreak interpretazio mistikoagoa jainkotiarragoa, onirikoagoa, mitologikoagoa dauka
M. B.: Nor eta nolakoa da Sabina hori?
M. A.: Sabina da ‘hori andrehori’. Eta ‘hori andrehori’ da kalera makuluarekin irten arren guardasolarekin disumuluan gainean ipintzen duena bere gorputza eta bera bermatzeko, ahalik eta estutuen bere minari eusten; eta ingurukoek zorotzat, zahartzat hartuko dute momentu askotan. ‘’Hori andrehori’ leku askotan dabil gure inguruan ere. Badago pelikula bat ‘Las Horas’ Virginia Wolf-en, ‘Señora Dalloway’ nobelan oinarrituta. Protagonistak antsietate momentu batean gizonari esan dio: “Incluso las locas queremos que nos consulten” eta esaldi hori oso bat dator Sabinarekin. Gero hainbat bider esan dut andra basa dela eta ez basandrea. Interesgarria da bereizketa hori. Andra basa da bortizkeria eta indar guztia gainean darabilen emakumea. Basandreak interpretazio mistikoagoa jainkotiarragoa, onirikoagoa, mitologikoagoa dauka. Kontua ez da andra hau basa den ala ez den, baizik eta zergatik eta horren harira iraganetik gaurdaino, nondik datorren bera, azalpentxo bat egin dut. Inor ez da berez sumisoa eta inor ez da berez bortitza. Disneyko pertsonaia gaiztoak,Ursula, Cruella de Ville… Kontadazu nondik datozen eta agian jarraituko ditut gorratzen edo igual maite izango ditut. Hortik Sabinaren eraikuntza.
Zaintza, eguneroko errutina
M.B.: Sabinak Henry koinauta zaintzen du eta Karmele alaba amaz arduratzen da. Kate bat ikusten da zaintza horretan. Bi plano horien arteko lotura oso ondo azaldu duzu, Sabinak zaintzarako daukan predisposizioa eta Sabina zaindu nahian dabiltzan horiena.
M.A.: Zaintza beste gai batzuen artean agertzen da eta aurkezpenak egin eta azalpenak eman ahala konturatu naiz fintzea tokatzen zaidala eta agian zuzenagoa litzateke esatea zaintzari buruz baino, beharbada, interdependentziari buruz gabiltzala, eta horren barruan sartzen dira zaintza harremanak eta komunikazio-inkomunikazioa, autoritatea eta abar. Zer zilegitasun daukat nik zaintzari buruzko diskurtsoa egiten hasteko teoria gehiago edukita praktika baino? Diskurtsoa egiterik ez nuen nahi. Modako gaia da zaintza. Oso garrantzitsua da edozein gaik erdigunea hartzen duen momentuan konplexutzea eta nobelaren kasuan horretarako bidea gatazka hainbat ertzetatik kontatzea izan da, hain zuzen. Sabina zaintzaile sumisoa moduan bakarrik agertu izan balitz ez genion justiziarik egingo, ez bere irudiari, ez zaintzaleari buruz daukagun iruditeri homogeneoari. Orduan hor daude Sabinaren bi rolak: zaintzaile versus gobernari. Berak dio zaindu ez, koinatua gobernatzen duela. Zaindu egiten du esnea txapan dagoenean. Animaliak eta baserria ere gobernatu egiten ditu.
Koinatua bere zaintzapean geratu denean mundua jausten zaio baina gero ahalduntze moduan erabili du berak. ‘Agentzia’ bat hartu du. Eta zaintzaile versus zaindua rolak daude baina seme-alaben ardura berarentzat ez da zaintza, kontrol mekanismo hutsa baino. Alderdi horretatik interesgarria iruditu zitzaidan poliedro hori ertz guztietatik erakustea, zeren eta nik hau idazten nenbilen artean elkarrizketa asko eduki bainituen batarekin eta besterekin eta, batez ere, tartean bat amamarekin, eta hainbeste artikulu irakurri eta gero konturatu nintzen ez ginela hizkuntza berean ari. Nik amamari: zuk zenbat lagun zaindu dituzu zure bizitzan zehar. Zaindu? Zelan zaindu? Sabinak ez du ulertzen zaintza guk ulertzen dugun moduan eta esango nuke generazionala ere izan daitekeela ikuspegi hori. Berarentzat zaintza eguneroko errutinaren parte da. Eguneko ekintza guztiak maila berean kokatzen ditu eta ez modu isolatuan. Hau guztia azalten saiatu naiz.
M. B.: Eta ondo azaldu ere, Miren.