EMAKUNDE 
Indarkeria matxistaren biktimei premiazko arreta emateko zerbitzuak martxan daude

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak gogorarazi du, Covid-19aren ondorioz sortutako osasun publikoko larrialdi-egoerara egokitu behar izan badira ere, martxan daudela indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko euskal erakundeek eskaintzen dituzten baliabide eta zerbitzuak. Osasun-larrialdia dela eta birusaren hedapena geldiarazteko, aurrez aurreko zerbitzu batzuk modu telematikoan eskaintzen dira, baina larrialdi-baliabideak eta zerbitzuak mantentzen direla bermatzen da, eta horren barruan sartzen dira indarkeriaren biktima diren emakumeei premiazko arreta eta harrera emateko zerbitzuak, osasun-alarmako egoera honetan segurtasun eta higiene neurri bereziak hartu behar izan badira ere.

Hala, biktimak artatzeko 24 orduko telefonoa aktibo dago (900840111), indarkeriaren biktima diren emakumeak babesteko Segurtasun Sailak eskaintzen dituen zerbitzuak aktibo jarraitzen dute (bortxa telefonoa, genero-indarkerian espezializatutako ertzainak, segurtasun pribatua…), genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako ordainketa bakarreko prestazio ekonomikoaren eskaerak ebazten jarraitzen da (laguntza eskatzeko bide telematikoa irekita dago, eta deiei ematen zaien arreta ziurtatuta dago), bermatuta daude Biktimei Laguntzeko Zerbitzua eta arlo judizialeko laguntza osoa hiru lurraldeetan, emakumeen aurkako indarkerian espezializatutako epaitegiak, genero-indarkeriaren biktimentzako doako laguntza juridikoko zerbitzuak, etxeko tratu txarren biktima diren emakumeentzako berehalako harrera-zerbitzuak, biktima diren emakumeentzako egoitza-zentroak eta aholkularitza juridikoko eta laguntza psikologikoko zerbitzuak… Nolanahi ere, egoera aldian-aldian aztertuko da, beharrak identifikatzeko eta zerbitzuak eta baliabideak horietara egokitzeko.

Era berean, Emakundek, koordinazio-lanean, herritarrei ematen dien zerbitzuari eusten dio telefono bidez, bai eta posta elektroniko bidez ere.

(945016702 eta emakunde.zuzendaritza@euskadi.eus)

Emakundek gogorarazi duenez, bizi dugun alarma-egoera komunitario honetan ere, funtsezkoa da emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurkako jarrera aktiboa. Hori geldiaraztea gizarte hau osatzen dugunon erantzukizun partekatua da, bakoitza gure erantzukizun-eremutik.