Gazte Mugimenduak protagonismoa izan zuen ‘Salda Badago’ Jardunaldietan, ‘Mugimendu Feministaren Erraiei Begira’, gaurkotasuna eta etorkizunari begirako mahai inguruan. Euren errealitateaz eta erronkez hitz egin zuten gazteek. Desafioen artean indarkeria aipatu zuten. Arazoari aurre egiteko “tresna berriak eta borroka molde berriak” asmatu eta komunikabideetan eta sare sozialetan dagoen desitxuraketa aztertu behar dutela esan zuten. Hori da autodefentsa feminista ulertzeko modua.
Horrenbestez, autodefensa feminista ez da tekniken multzo bat, baizik eta era integralean landu behar den zerbait, “ahalduntze prozesu indibidual eta kolektibo bezala, egunerokotasunean bizi ditugun ezpazioetan zapalkuntza guztiei aurre egiteko”.
Maider Barañanok eta Marina Urkidik ordezkatu zuten gazte mugimendua Durangoko jardunaldietan. Adierazi zutenez, indarkeriaz gain, gazte mungimenduarentzat zentralitatea duen beste gai bat aliantzak dira, bai mugimendu feministarekin, non euren proposamenak txertatu nahi dituzten eta leku propio bat eskatzen duten euren zapalkuntza espezifikoak lantzeko, bai gazte mugimenduarekin, espazio hori feminismoaz bete nahi dutelako.
Hori egitean politikarako gaitasuna garatuko dutelakoan daude. “Neska eta gazte izateak arrazoia eta jakintza kentzen digu eta beraz, politika egiteko gaitasuna. Horregatik da beharrezkoa politikarako espazio propioak eraikitzea”, esan zuten.
Aurrekoekin lotutako beste apustu bat pribilegioez eta zapalkuntzaz kontziente izatea eta deseraikitzeko pausuak ematea da.“Intersekzionalitateak erakutsi digu zapalkuntzak eta pribilegioak elkarrekin gurutzatzen direla gure gorputzetan. Pribilegio eta zapalkuntza horiek estrukturalak direla eta gure praktika politikoan ere eragina dutela”.
“Neska eta gazte izateak arrazoia eta jakintza kentzen digu eta politika egiteko gaitasuna. Beharrezkoa da espazio propioak eraikitzea”
Lan ildoak zehaztu zituzten:
- Familia sozializatzeko lehen espazioa izateaz gain, babes emozionalerako, ideologikorako eta afektiborako beharrezkoa da. Eskaintzen dizkieten ereduen aurrean bizi proiektu askatzaileak eraiki nahi dituzte.
- Ezin dute proiektu propiorik eraiki gaur egun, lan baldintza prekarizatua pairatzen dutelako eta gazte izatearen aitzakiapean lortzen duten edozein lan aukera eta pribilegio gisa marrazten dietelako, nahiz eta lanaldi partzialak izan, kontraturik ez eduki, ordaingabeko praktikak izan… Gainera, ez da posible momentuz sindikatuetan borrokatzeko. Horregatik, beharrezkoa da euren baldintza berberak sufritzen dituzten gazteekin antolatzea auzoetan, elkarlanean hastea eta hortik klase askapenerako borrokan jarraitzea.
- Gorputzen merkantilizaoari eta osasunari dagokionez gorputzekiko autodefentsa fisiko, mental zein emozional praktikan jartzera dei egin dute, arazo pertsonalak kolektibizatzera eta horien aurrean alternatibak eraikitzera.
- Sexualitateari dagokionez, heterosexualitatea pratriarkatua egituratzeko erregimen politikoa da eta garrantzitsua da euren praktika politikoan ere heterosexualitateakin apurtzeko alternatibak eraikitzea.
- Jaiei lotutako segurokraziari buruz, kontziente dira sufritzen dituzten erasoek beste subjektua kriminalizatzera eramaten duela, eurak biktima paperera kondenatzeko eta euren kontrol soziala justifikatzeko antolakuntza politikorako oztopoak biderkatuz. Ez dira onartuko ez politika zuritzailerik ezta pertsona migratuen eta arrazializatuen zapalkuntzak betikotzea beste helbururik ez duen diskurtsoa euren izenean justifikatzerik ere. Ez dute onartuko euren izenean faxismoaren eta xenofobiaren diskurtsoak indartzerik.
Mugimendu feministaren erronkak
Gazteen ustez, olatu feministari eusteko mugimendu hori politizatu eta artikulatzu behar da eta horretarako “erreminta errealak” eskaini behar zaizkie momentuz antolaketan sartu ez diren emakumeei. Horren harira, beharrezkotzat jotzen dute “belaunaldi berriak politizatzea eta mugimendu feministara iristeko zubilanak egitea”, are gehiago “sistema heteropatriarkal kapitalistak bere makinaria guztia martxan jarri duenean neska gazteok feminismoz makilatutako diskurtsoak irensteko”.
Diskurtso feminista neska gazteengana heltzeko orduan “biolentzia eta zapalkutza patriarkalaren aurpegi guztiak ikustarazi eta horretarako molde berriak mahigaineratu” behar direla azpimarratu zuten.
Ekinbideari dagokioenez, “erradikala” izan behar dela planteatu zuten: “Egun puntualetatik haragoko estrategiak garatu behar ditugu eta zapalkuntzatik eraikuntzara salto egin behar dugu”.
Proposatzen duten lana zera da: mugimendu feministaren bueltan mugitzen diren norbanako eta eragileen artean saretzean sakontzea, eta saretze horretatik egituratzera salto egitea. Feminismoaren subjekto anitza abiapuntutzat hartuta, auzoetan emakumeen arteko komunitate feministak eta horretarako horizontaltasunean oinarritutako espazioak eraikitzeko tresnak garatu nahi dituzte.