Gazteen arteko sexu-harremanei buruzko ikerketak hastapenaren adinaz, motibazioaz, antiosorgailuen erabileraz eta sexu bidez trasnmititutako gaixotasunez (STGz) baino ez dira arduratzen. Gainera, bikote gazteen barruko biolentzia matxista aipatzen denean ez zaio sexu-harremanetan bertan gertatzen denari erreparatzen. Bada horixe izan da, hain zuzen, iragan egunetan Estatu Batuetan argitaratu den ikerketa baten helburua. Txostenaren datu aipagarriena zera da: hamalau emakumetik batek bortxaketa jasan du lehenengo sexu-harremanean.
Ikerlanaren egileak medikuak dira. Harvardeko Medikuntza Fakultateko Laura Hawks ikerlariak zuzendu du lana eta ‘JAMA Internal Medicine’ aldizkarian argitaratu da. Ikerketarako Estatu Batuetako Osasun Inkesta Nazionalean esku hartu zuten 13.000 emakumeen erantzunak hartu zituzten oinarri.
Emakumeen %7k lehenengo sexu-harremana (koitoa) nahi gabe izan zutela esan zuten, hau da, hamalau emakumetik batek; 15 urte zituzten orduan eta gizonek 10 urte baino gehiago zituzten kasu askotan.
Laura Hawksen, ikerketaren zuzendiaren iritzian, “inoren borondadearen kontra egiten den koitoa bortxaketa da”
Emakumeen erdiak baino gehiagok hitzezko indarkeria ere jasan zutela aitortu zuten. Bortxaketa hitza ez zen aipatu ikerketan baina, Laura Hawksen iritzian, “inoren borondadearen kontra egiten den koitoa bortxaketa da”. Berdin “indarkeria hitzezkoa denean”.
Inkestari erantzun zioten emakumeak 18 eta 44 urte artekoak ziren. Ikerlariek lagina zabalagoa izanez gero emaitzak kezkagarriagoak izango zirela uste dute. Ez zieten galdetu gizona bikotekide, ezezagun edo senitartekoa zen.
Kalte fisiko eta emozionalak
Esperientzia horren ondorioz, emakumeek kalteak jasan zituzten osasun fisiko eta emozionalean. Hain zuzen, bikotekide gehiago, nahi ez zituzten haurdunaldi eta abortu gehiago, eta osasun erreproduktiboan arazoak –min pelbikoa eta hilekoen irregulartasunak- besteek baino gehiago eduki zituzten ondorengo urteetan. Ia %16k osasun txarra zutela esan zuten beste emakumeekin alderatuta.
Dena den, osasun arazo horiek lehenengo sexu-harremanarekin zerikusia zuten ala ez ez zela ikerketan zehaztu esan zuen Haws-ek. Baina, haren ustez, beste ikerketa batzuk ikusita traumaren ondorioek denbora luzean irauten dutela dakigu. Beraz, ez da harritzekoa bortxaketaren esperientziak kalte fisiko eta emozionalak eragitea.
“Kulturak bortxatuak ez izaten irakasten digu eta ez bortxatzenda erakutsi behar duena”
Beste ikerketa batzuen arabera, sexu-erasoek isolamendu, ezintasun sentimendu, estigmatizazio, norbere buruaren inguruko irudi txar eta jokabide arriskutsuak sor ditzakete. “Lehenengo harreman-sexualean bortxaketa bizitzeak autonomia galera izugarria suposatzen du”, gehitu zuen Haws-ek.
Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Zentro Federalen arabera, bost emakumetik batek bortxaketa jasan du bizitzan zehar. Erdiak 18 urte baino gutxiago zeukaten.
Nola prebenitu bortizkeria sexu-harremanetan
Gizonek komunikazio abilidadeak ikasi beharko lituzkete biek –berak eta bitokekideak- nahi dutenean baino ez izateko sexu harremanak. Erantzukizuna ez litzaieke bakarrik biktimei egokitu behar. Sexu heziketan adituek heziketa afektiboa eskoletan sartu beharko litzatekeela diote. Baina ez edozein modutan: “Kulturak bortxatuak ez izaten irakasten digu eta ez bortxatzenda erakutsi behar duena”
Pornoa heziketa sexualean
Estatu Espainarreko kontrazepzio inkesten arabera, emakumeen batezbesteko koitoaren adina 16,3 urteetan dago eta, adituen esanetan, nerabeak ez daude ondo prestatua horretarako. Sexu harremanetan emakumeek arrisku poraera gutxiago izateko joera daukate baina mutilen lehentasunei amore ematen diete eta nahi ez dutena egiten dute askotan.
Mutilek gero eta eskurago eta gero eta arinago izaten dute lehenengo kontaktua pornografiarekin. Eta pornografiaren eredua hartzen dute sexu harremanetarako: eredu heteronormatiboa, falozentrikoa eta emakumeen gutxiespenean oinarritua. Fenomeno horren eragina oso kontuan hartu behar da heziketa sexualean, adituen arabera.