Aterki forma duen lorea da Unbela eta lore-ardatz beretik ateratzen da loratxo mordoa. Irudi horrekin, Unbela proiektuak gorputza eta sexualitatea lantzen dabiltzan emakume euskaradunak elkartu eta ezagutarazi nahi du eta horretarako jardunaldi batzuk antolatu ditu. Aste honetako ostegunetik hurrengo astelehenera arte izango dira eta bertan 15 profesionalek hartuko dute parte.
“Sexualitatea eta gorputzaren lanketan erreferenteak askotan kanpoan kokatzen ditugu eta inguruan duguna ez dugu hain ondo ezagutzen. Horri buelta emateko Euskal Herrian dauden ekimenak ezagutaraztea funtsezkoa iruditzen zaigu”, azaldu zuten jardunaldien bultzatzaileek, Nora Ziarsolok eta Itziar Amestoyk.
Biek gorputz eta sexualitatea abiapuntu hartuta eraldaketa pertsonala bizi izan dute eta beste emakume batzuekin partekatu nahi dituzte euren bizipenak. Interes horrekin sortu ziren jardunaldiak.
Tailerrak euskaraz
Euskaraz izatea nahi izan dute “erreferenteak kanpokoak izan ohi direnez, gaztelerara jotzeko joera dagoelako” eta “euskara ere badela gai hauei guztiei buruz hitz egiteko hizkuntza” aldarrikatzea “erabat funtsezkoa” iruditzen zaielako.
Gainera, “lanketa hauetan dabiltzan emakumeekin hausnarketa konpartitu ostean, era orokorrean bat egin dugu askotan hitzak falta zaizkigula, kontzeptu asko euskaraz zehazki nola adierazi erabakitzeak zalantzak sortzen dizkigula”.
Unbela egitasmoaren lehen pausua online jardunaldiak izan badira ere, aurrez aurre ere ekimenak antolatu ahal izatea litzateke asmoa. “Jaio berria den proiektu bat da, eta lehen pausuak ematen dabilena. Jardunaldi honek utzitako hausnarketa eta ondorioek markatuko dituzte hurrengo pausuak”, adierazi zuten Ziarsolok eta Amestoyk.
Dena den, Unbelako lehen online jardunaldietan parte hartuko duten emakumeei elkarrizketa kolektiboa proposatu diete, guztien artean ikusteko zein behar antzematen dituzten hurrengo pausuak zehazteko. Izena emateko eta informazio gehiago eskuratzeko klikatu hemen
EGITARAUA:
Maiatazak 20, osteguna. Unbelaren aurkezpena eta elkarrizketa inaugurala
- Zuriñe Hidalgo, Enraizadas proiektua
Maiatzak 21, ostirala. Bizitzaren zikloarekin dantzan
- Esther Molinero, Loratuz proiektua.
- Natalia Albéniz eta Marta Barragán, RedFanzine proiektua.
- Enara I. Dominguez, Ziklikoki bizitzen proiektua.
- Maria Garabieta, Magale.
- Estitxu Fernandez, haurdunaldi, erditze, erdiondo eta haziera prozesuen bidelagun.
Maiatzak 22, larunbata. Gorputzen eta sexualitatearen jabetzea
- Tamara Arroyo, Psicología y mujer proiektua.
- Junkal Alzugaray, Mi suelo pélvico, proiektua.
- Maite Higuero, Mahibar Sexologia proiektua.
- Nora Ziarsolo, Bizigarri proiektua
Maiatzak 23, igandea. Zirkulua sendabide
- Naiara Mandaluniz, Iparraldeko Denda Gorria proiektua.
- Marta Mateos, Energy Dance proiektua.
- Ahinitz Gerrikagoitiak, Biziemari proiektua.
- Aikari Lizaso, Amalua proiektua.
Eta honetaz guztiaz gain… Jardunaldi hauei itxiera emateko…
Maiatzak 24, astelehena. Elkarrekin ospatu. Elkarrekin sortu
Zuzeneko topaketa birtualaz elkarrekin gozatzeko aukera izango dugu! Merezi dugun ospakizunerako tartea oparitzea geure buruari eta etorkizunera begira jartzeko gonbitea ere izango da, denon artean, honi guztiari jarraipena emate aldera, dauden beharrak, ideiak eta nahiak jasotzeko asmoz.