Berdintasuna ez da lortuko gizonek ere bultzatzen ez badute. Konbentzimendu horretatik, Emakundek gizonei zuzendutako ikastaroak antolatzen ditu urtero. ‘Gizonduz’ programaren barruan daude eta aurtengo edizioa martxan dago.
‘Gizonduz’ kontzientziazio programa da gizonek berdintasunean inplikatu eta parte har dezaten sustatzeko.
Programak helburu hauek lortu nahi ditu:
- Genero-teoria, horrek gizartean dakarren egiturazko banaketa eta horren ondorioak ulertzea eta kontziente izatea, emakume eta gizonen artean desberdintasunak zergatik dauden eta esleitutako rolen diferentziazioak eta hierarkizazioak zeri erantzuten dioten ulertzeko.
- Mugimendu feministaren historia eta borrokaren gaineko ezagutza eta aintzatespena sustatzea, maskulinitate hegemonikoen dekonstrukzioan esku hartzeko esparru teoriko gisa.
- Taldean eta indibidualki, gizonek gaur egungo sisteman duten sozializazio-prozesua ezagutzera ematea eta identifikatzea, gure gizarteko gizonezkoen erreferente nagusien berrikuspen kritikoa egitea eta aldaketarako eta eraldaketarako beste erreferente batzuk indartzea.
- Egitura matxista horren ondoriozko ideia, pentsamendu, jarrera eta jokabideetarako beste aukera batzuk identifikatzeko bide ematea, bai eta egitura horren ondorioek norberarengan eta taldearengan duten garrantzia ebaluatzea ere.
- Berdintasunaren alde gizonen lanean dauden antolaketa- esperientziak ezagutzera ematea eta horiek hurbiletik ezagutzea, ‘jarduneko ikaskuntza’rako erreferentzia-eredu gisa.
Ikastaroak doakoak eta malguak dira eta aurrez aurre zein internet bidez egin daitezke. Bi prestakuntza-modalitate ditu: banakakoa eta taldekoa.
Gizonduz ekimen aitzindaria da. 2009ko martxoan hasi zenetik 2021eko abendura bitartean 18.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute.