Klementzia Richard printzesa zuberotarra
Hainbat urte nituen euskaraz idazten eta irakurtzen ikasten hasi nintzenean. Laster eman zigun irakasleak euskalkiei buruzko informazioa ere. Mapa handi bat ekarri zuen gelara eta Bonarparte printzeak egina zela azaldu zigun. Geroago, unibertsitatean izan nuen irakasleak ere garrantzitsutzat jotzen zuen Bonaparteren ekarpena: Zazpi Probintzietako Dialektoen Mapa, hain zuen.
Oraintsu jakin izan dut printzeak zuberotar laguntzailea izan zuela. Izena ere ez zuen nolanahikoa emakumeak: Klementzia Richard, Larrainen jaioa 1830ean. Zuberotar euskalaria izan zen. Luis Luziano Bonaparteren laguntzaile eta gerora emaztea. Euskalkien lehen mapa egiteko Bonaparteren ezinbesteko bidelaguna.
Klementziaren aita, Nancykoa, Bankako burdinolan lan egitera joan eta bertan Lorrenako Joséphinerekin ezkondu zen. Gero Larrainen, Orotz-Betelun eta Lasarten lan egin zuen. Klementzia familiarekin batera bizi izan zen Euskal Herriko hainbat tokitan. 1857an bere ahizpa Luzia, Klaudio Otaegirekin ezkondu zen eta handik aurrera biak Hondarribian bizi izan ziren. Bertan Klementziak Luis Luziano Bonaparte printzea ezagutu zuen, ziur asko 1857an printzeak Euskal Herria bisitatu zuenean.
Gurasoak kanpokoak izanda ere, Klementziak txikitatik hitz egiten zuen euskaraz. Horri esker, printzea lagundu zezakeen euskalkiak eta Euskal Herria ezagutzen, zubereraz gain, behe-nafarrera, goi-nafarrera eta gipuzkera menperatzen baitzituen. Ez dakigu zehazki zein izan zen Klementziaren lana euskal dialektologiaren alorrean. Baina argi dago, antza, Jose Antonio Uriartek 1859an Klementzia eta Luis Luzianori bidaltzen zizkiela bere eskuizkribuak, Klementziak aldatu, zuzendu eta onar zitzan.
Luis Luziano bera euskalduna ez zenez, Klementziak gutunak euskaraz idazten laguntzen zion, eta Zazpi Probintzietako Dialektoen Maparen egiazko koordinatzailea izan zela uste da, nahiz eta bere izenik inon agertu ez. Diotenez, Luis Luzianok beste hizkuntzetako dialektoak ikertuta ere, hala nola ingelesa, italiera, sardiniera edo albaniera, inoiz ez zen euskararen dialektoekin egindako lanaren parera heldu.
1891eko martxoaren 17an Bonaparteren lehendabiziko emazte hil eta, hiru hilabetera ezkondu ziren Klementzia eta Luis Luziano. Ezkontza honek ez zuen luzaro iraun, izan ere, Luis Luziano urte bereko azaroaren 3an hil zen Fanon, Italian.
Alargun bilakatuta, Klementzia Londresen bizi izan zen, printzesa tituluarekin. Luis Luziano eta biek bilduriko eskuizkribuak 1904ean saldu zizkien Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako diputazioei. Azkue eta Fermín Lasala izan ziren bitartekari, nahiz eta Chicagoko Newberry Liburutegi ospetsuak lehenago eskatu.
Klementzia Richard 1915eko azaroaren 14an hil zen Londresen 84 urte zituela.


