Andereak elkarteak datorren ostegunean, hilak 24, 18:30ean Andra Marin egingo duen hileroko elkarretaratzean, gurasoen banantze-zaintzetan gezurrezko Guraso-Alienazioaren Sindromearen (GASen) aplikazioa salatuko du.
“GAS faltsuak kalte psikologiko larriak eragiten ditu, ez bakarrik amei, horiek zigortzen baitira diagnostiko faltsu horrekin, baita haien borondatearen kontra aitekin egotera behartzen dituzten haurrei ere. Haur horiei ez zaie entzuten eta haien ongizatearen aurkako erabakiak hartzen dira adingabearen ‘ustezko interes gorenera’ joz”, dio elkarteak prentsa-ohar batean.
Andereak-ek gogoratzen du Irune Costumero ‘ama kuraia’ eta beste asko aspalditik ari direla salatzen GAS-en aplikazioa, “eta haien protesta oihuak ez dira entzuten”, nahiz eta “NBEko kontalariek aspalditik ohartarazi duten sindrome faltsuarekin lotutako erabaki judizial eta administratiboek haurren eta amen giza eskubideak urratzen dituztela”.
GASen Aurkako Erresistentzia Sarea, dozenaka euskal erakundek eta partikularrek babestutako plataforma, haratago doa, eta ziurtatu du “sindrome faltsuaren ondorioz zaintza ematen ari zaiela indarkeria matxistagatik edo haurren sexu-abusuengatik akusatutako eta/edo zigortutako aitei”.
Indultu-eskaera
Emakume asko kondenatu dituzte beraien seme-alabak babesten saiatzeagatik eta beste batzuk, hala nola María Sevilla, espetxeratzeko zorian daude. Berarentzat eta baita María Salmerón eta Juana Rivasentzat ere, indultua eskatzen du Andereak-ek.
Durangoko elkarteak “indarkeria instituzionalaren eta giza eskubideen urraketaren arazo larri horren inguruan kontzientziatu” nahi du gizartea. Halaber, BJKN-Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta NBEren gomendioak bete daitezela, “sindrome faltsu hori epaitegietan, gizarte-zerbitzuetan eta beste instantzia batzuetan aplikatzeari utz diezaioten” exijitu du.
Erakunde guztiei eskatu die “biktimei babes irmoa ematea eta, gainera, zaintzak zehazteko prozesuetan parte hartzen duten pertsona guztiak berdintasunean prestatzeko aurrekontuak handitzea”.
Andereak elkartearen ustez, “misoginiak pentsamoldeetan txertatuta jarraitzen duen bitartean, emakumeen aurkako indarkeriak ez du amaierarik izango”.