Fournierren emakume kartagileen memoria

Arabako Fournier Karta Museoak ‘Emakume kartagileak. Memoria bizia’ erakusketa eskaintzen du, andrek Fournierren fabrikan kartak ekoizten egindako lana nabarmentzeko eta hiriaren historiaren zati bat ezagutarazteko. Urtarrilaren 31ra arte egongo da zabalik BIBAt-en.

Dokumentuetan eta irudietan gordeta geratu da lan hori. Gainera, Aritza Sáenz del Castillo Velascok zuzeneko testigantzak jaso ahal izan ditu ‘La historia de las naiperas de Heraclio Fournier. Expresión de una memoria viva’ argitalpenean.

Bertan, emakume kartagileen hainbat irudi erakusten dira, eta kartak fabrikatzeko prozesuaren fase desberdinetan emakume horiek egindako lanaren funtsezko alderdiak azaltzen dira, adibidez, haien lan baldintzak eta beste jarduera batzuetako parte hartzea.

XIX. mendearen amaieran Gasteizko industria eraldatzen hasi zen bitartean, Heraclio Fournierrek  1870ean eratutako karta fabrikaren langileen zati nagusia emakumeak ziren. Zenbait unetan, karta fabrikan gizonak baino emakume gehiago ari ziren lanean.

‘Familia handia’

Emakume kartagileek kartak inprimatu aurreko eta ondorengo lan guztiak  egiten zituzten: papera hautatzea, bernizatzea, kartak moztea, sortak berrikustea, kutxatilak egitea eta paketatzea.

Haien eginkizuna funtsezkoa izan zen produktuaren kalitateari eusteko, hori baita enpresaren bereizgarria. Ondoren, kartagileek beste lan batzuk ere egin zituzten, hala nola administrazioan, laborategi kimikoan, marrazketa lanetan, fotokonposizioan eta makinista bezala.

Bere historian zehar, Fournierren karta fabrika familia handitzat hartu zen. Lan eremua sozializazio espazio ere bihurtu zen bertako langileentzat,  prestakuntza eta kultura, osasuna, morala eta erlijiotasuna, etxebizitza, gizarte prestazioak, kirola, aisialdia eta beste hainbat alderdi kontuan hartuta.

Ordutegia:
Asteartetik larunbatera: 10:00-14:00 / 16:00-18:30
Igande eta jaiegunetan: 11:00-14:00
(Astelehenetan itxita, jaiegunetan izan ezik. Astelehena jaieguna bada, asteartean itxita)