Feministaldia kultura feminista jaialdiak ordena astintzeko lurrikara izan nahi du. Izan ere #Sismika lelopean burutuko da eta azaroaren 16tik 20ra, inoiz baino lehenago. Donostiako Plazandreok elkarteak antolatzen ditu jardunaldiak eta aurten 16. edizioa egingo da Tabakaleran (hemen, programa).
Antolatzaileek diotenez, “azken denboran bizitzako arlo guztietan izan ditugun sismo eta astinaldien ondoren, inoiz baino ezinbestekoagoa bilakatu da bizigarria izango den beste mundu bat irudikatu eta eraikitzea, eta hori feminismoetatik eta sorkuntzetatik egin nahi dugu”.
Eta poema hau jarri dute weborrian euren asmoa adierazteko:
Espero ez dugun lurrikara da #sismika
kultura feministak dakarren luizia
ordena astintzeko behar bizia
#sismika dira emakumeen* bizitzek jasaten dituzten dardara bortitzak: biolentziak, sexualizazioa, kriminalizazioa, kanporaketak.
#sismika dira gorputzen desplazamenduak lurraldeetan: zer ezberdinak diren bidaia derrigortuak edo soilik batzuen beharrei erantzuten dieten prozesu turistifikatzaile eta gentrifikatzaileak.
#sismika dira emakumeek* elkarrekin garatzen ditugun estrategia, gerra, disidentzia eta erresistentziak.
gure dardara ederra delako
gure desira zentrala delako
araka dezagun zapaltzen dugun lurra
lokaztu dezagun sistema munduan