Feminismoaren eta berdintasunaren alorreko oinarrizko terminoak, kontzeptuak eta definizioak modu zehatzean eskaintzen dituen ‘Feminismoa eta Berdintasuna’ hiztegia aurkeztu berri dute Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak eta Emakundek.
Erakunde horiek azaldu dutenez, “legeriak ezartzen dituen kontzeptuak dira baina baita gizarte mugimenduetatik sortutakoak eta nazioartean erabilitakoak ere”. Egitasmoak euskararen terminologia gaurkotzea, finkatzea eta normalizatzea ere nahi du.
“Hiztegi hau behar-beharrezkoa da une honetan, feminismoaren eta berdintasunaren alorreko oinarrizko terminoak eta dagozkien kontzeptu eta definizioak eskaintzen dizkigulako eta gure gizartearen garapenerako eta sexuen arteko berdintasun kultura sustatzen laguntzeko tresna delako”, adierazi zuen Hizkuntza Politikako sailburuordeak.
Miren Dobaranek gaineratu zuenez, “euskara berritzen eta modernizatzen doa egunetik egunera eta normalizazioaren bidean urrats sendoak emateko alor guztietako terminologia zehaztea ezinbestekoa da, euskararen aberastasun lexikoa elikatzea, zaintzea eta sustatzea”.
Landaida: “Aliantzak behar ditugu. Euskarak behar ditu eta berdintasunak ere”
Bestalde, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak hiztegi hau “elkarlanean oinarritzen den egiteko modu baten isla” dela adierazi zuen; elkarlana Jaurlaritzako hainbat sailen artean eta gizarteko eragileekin. Landaidaren esanetan, “aliantzak behar ditugu. Euskarak behar ditu eta berdintasunak ere bai”.
Lanketa prozesua
Elhuyar Fundazioak egin du hiztegia. Horretarako emakume aditu talde batekin lan egin du. Ondoren, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ‘ad hoc’ sortutako batzorde tekniko batek aztertu du. Azkenik, Euskararen Aholku Batzordearen Terminologia Batzordeko kideen eztabaida eta gogoeten ondoren, adostasuna eta kontsentsua lortu eta onespena eman zaio hiztegiari. Lan-prozesu horren helburua euskarazko terminologia-lanaren kalitatea bermatzea izan da.
‘Feminismoa eta Berdintasuna’ hiztegia Euskalterm Euskal Terminologia Banku Publikoan txertatuta dago eta bertan kontsulta daiteke (klikatu hemen pdfa deskargatzeko). Gainera, Euskaltermen interfazetik hiztegiaren pdf bertsiora irits daiteke.