Euskara eta Feminismoa bidelagun jardunaldiak azaroko astearteetan online

Hizkuntzaren eta generoaren arteko gurutzaketaz hausnartzeko, lau mahai-inguru antolatu dituzte Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak, Emakundek, eta Hizkuntza eta Generoa batzordeak elkarlanean. Azaroko astearteetan izango dira guztiak goizeko 10:00etan eta online.

Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon, egindako prentsaurrekoan aurkeztu zituzten jardunaldiak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaranek eta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendari Izaskun Landaidak.

Asko dira euskararen eta feminismoaren jiran azken urteotan egin diren gogoeta, ekarpen zein esperientzia interesgarriak, bereziki nabarmentzekoak dira euskalgintzatik zein mugimendu feministatik sortutakoak; esaterako, ate joka dugun Euskaraldia bezalako esperientziak, edota gurutzaketa honen baitan Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministen haritik sortu diren eztabaidak. Horiek guztiak mahai gainean jarri, eta partekatzea da jardunaldi honen asmoa. Topagune bat ere izan nahi du hitzorduak, horrela, norbanako eta eragile desberdinak harremanetan jarri, eta elkarrekin bidea egiten jarraitzeko.

2019an sortutako Euskara eta Generoa batzordea izan da jardunaldiaren zertzelada nagusiak definitu dituena. Horri esker, euskaran zein feminismoan aditu eta aritu diren parte-hartzaileen eskutik gurutzaketa horren inguruko ideia eta ekarpen interesgarriak jaso ahal izango dira azaroko lau astearteetan. Mahai-inguru bakoitza goizeko 10:00etan izango da, ordu eta erdi iraungo du, eta ondoren gogoetarekin jarraitzeko aukera eskainiko da (hori ere online). Gaurtik aurrera mahai-inguru bakoitzean zein guztietan izena emateko aukera egongo da lotura honetan: euskaraetafeminismoa.eus 

Programa:

Azaroak 3, 10:00

Hizkuntza eta generoa: hurbilpen teoriko bat’

Zertaz ari gara hizkuntzaren eta generoaren gurutzaketaz hitz egitean? Zertara dator gai hau, eta zergatik hitz egiten dugu hizkuntzaren eta generoaren gurutzaketaz? Zer lotura dute?

  • Lorea Agirre
  • Idurre Eskisabel
  • Aurkezlea: Eider Olazar
Azaroak 10, 10:00

 ‘Ez gara euskaldun jaiotzen, egin egiten gara’

Eraikitako subjektuak al dira hiztunak? Nola eraikitzen dira frantsesak, espainolak eta euskaldunak? Zerk eragiten du bereziki eraikitze horretan? Eta eraiki ahal badira, deseraiki daitezke? Zer da euskalduna izatea?

  • Irene Arrarats
  • Lutxo Egia
Azaroak 17, 10:00

 ‘Hizkuntza, generoa eta beste menderakuntza batzuk’

Parte-hartzaile bakoitzaren ibilbide linguistikoa ezagutuko dugu, euskara ikasi eta erabiltzeko izan dituzten zailtasun zein erraztasunetara gerturatuz. Zer da zuentzat euskaldun izatea? Eta nola sentitu zarete beste euskaldun batzuen artean? Generoa eta hizkuntzaz gain, beste menderakuntza batzuek ere (jatorria, klasea…) nola eragiten diguten aztertuko dugu.

  • Tarana Karim
  • Palmira Dual
  • Leocadia Bueriberi
  • Aurkezlea: Amelia Barquín
Azaroak 24, 10:00

 ‘Euskalgintzaren eta feminismoaren arteko zubiak’

Euskarak mugimendu feministan, eta feminismoak euskalgintzan, izan duen lekua eta eragina aztertuko da, bi herri-mugimenduetako elkarrizketak, mailegu teorikoak, eta aliantza praktikoak mahai gainean jarriz.

  • Mari Luz Esteban
  • Saioa Iraola
  • Elurre Iriarte
  • Aurkezlea: Onintza Irureta